Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
👶
Jaiotza
K.a. 469
Alopeke (en) Itzuli eta Atenas
💀
Heriotza
K.a. 399ko otsailaren 15a
Atenas
🔨
Lanbidea
filosofo
📷
Argazkiak
ikusi
Sokrates filosofoaren eskultura, Napoliko Museo Nazionala.

Sokrates antzinako Greziako filosofo bat izan zen, k.a. 470-399 bitartean bizi izandakoa. Antzinako filosoforik ezagunena da, inolako testu idatzirik utzi ez zuen arren. Bere dizipulu edo ikasle batzuk ere oso filosofo ospetsuak dira, Platon bereziki, eta, hain zuzen ere, haiei esker ezagutzen ditugu Sokratesen bizitza eta ideia filosofikoak; izan ere, Platonen obra gehienak Sokratesen solasaldietan oinarrituta daude.

Sokratesen filosofia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sokrates izan zen Mendebaldeko filosofiaren egiazko aitzindaria: izan ere, berak bideratu zuen filosofia gizakiaren barruan bilatzen duen zientzia izatera. Bilaketa horretan, maieutika izendatu zuen metodo dialektikoa (elkarrizketan oinarritua) erabiltzen zuen: hots, halako proposizio edo esakune bat planteatzen zion entzuleari, honi bere egiak aurkitzen laguntzeko, nork bere burua ezagutuz egiara helduko baita. Dena dela, Sokratesek aldarrikatzen zuen egia ez zen egia subjektibo edo indibiduala, egia unibertsala edo absolutua baizik. Sokrates sofisten erlatibismo eta subjektibismoaren kontra zegoen, eta asko kritikatu zituen beren jakinduria diru truke saltzeko prest zeudelako; haien ikergaia gizakia zen orobat, Sokratesen kasuan bezala; baina beren irakaspenak politikan arrakasta lortzeko erabiltzen zen erretorikara zuzentzen zuten batez ere.

Aristotelesen iritziz, filosofiak bi gauza zor dizkio Sokratesi: bata, arrazoitzeko modua; eta bestea, definizio unibertsala. Izan ere, Sokratesek galdera bat egiten zuenean, definizio bat eskatzen zuen eta definitzea gauza bati mugak jartzea da, hots, haren izatea ezagutzea; beraz, definizioak izatea ezagutzera eramaten du, izatearen jakintzara, alegia. Horretan desberdintzen dira Sokratesen eta sofisten filosofia; azken hauen filosofia eta zientzia itxurazkoak eta hutsalak zirela frogatu zuen. Horregatik, sofisten erretorika eta hitz jarioaren aurka, berak zuzeneko solasaldia erabili zuen, horren muina, sofisten kasuan ez bezala, gauzak egiaz zer diren esatea baita.

Sokratesi etsai asko sortu zitzaizkion bere irakaspenengatik; horrela, jainko berriak sartu eta gazteria gaiztakeriaren bidetik eramateaz akusatuta, hiltzera kondenatu zuten. Ihes egiteko aukera izan zuen, ikasle eta lagun batzuek proposatu zioten bezala, baina Sokratesek astaperrexila (pozoitsua den landare bat) hartu zuen, bere jarraitzaileekin hilezkortasunari buruz lasai hitz egiten zuen bitartean.

Platonek kontatzen ditu (Fedon izeneko elkarrizketan) Sokratesen azken egunak: elkarrizketa honetan, Sokratesek arimaren hilezkortasunaz hitz egiten du, eta haren irakaspena da gizaki jakintsuak heriotzaren ondoko jainkozko egonaldi bat itxaron behar duela; gainera, indarrez azpimarratzen du akusatzaileek baino askoz gehiago sinesten duela berak Atenasko jainkoengan. Hil ondoren, atenastarrak asko haserretu ziren filosofoaren heriotza erabaki zuten agintarien aurka; agintari horiek hiritik bota egin zituzten eta estatua bat altxatu omen zen hirian Sokratesen omenez.