Wikipedia, Entziklopedia askea
XIX. mendeko ume esklabo baten argazkia

Abolizionismoa lege edo ohitura bat (esklabotza edo heriotza-zigorra bereziki) baliogabetzea eskatzen duen jarrera edo pentsaera da. Hasiera batean, hitz hau esklabotzaren aurkako mugimendua izendatzeko erabiltzen zen gehienbat.

XVIII. mendearen amaiera aldera, esklabotzaren aurka zeudenek hura desagerrarazteko mugimendu bat hasi zuten. Mugimendu abolizionista deitu zitzaion horri. Mugimendu horren partaideak abolizionistak ziren.

Abolizionismoaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europarrak XIV. mende amaieran hasi ziren afrikarrak esklabo bihurtzen. Europarrek Amerika aurkitu zutenean, koloniak sortu zituzten bertan. Afrikar asko esklabo bezala bidali zituzten laster Ameriketara, kolonietako azukre eta kotoi plantazioetan lan egitera.

XVII. mendean, Ipar Amerikako britainiar kolonietako pertsona batzuek esklabotzaren aurka jo zuten, erlijio-arrazoiak zirela eta. Hala ere, protesta gutxi izan ziren XVIII. mendera arte. Pixkanaka, gero eta jende gehiago zegoen beraiek bezalako beste gizaki batzuen jabe izatearen aurka.

Mugimendu abolizionistako lehenengo erakundea Abolition Society izan zen, Britainia Handian sortua 1787an. 1807an Britainia Handiak esklaboen salerosketa debekatu zuen bere kolonietan. 1833an mendebaldeko hemisferioko britainiar kolonietako esklabo guztiak askatu zituzten. Europako beste herrialde batzuek gauza bera egin zuten laster. Frantziak 1819an debekatu zuen esklaboen salerosketa eta 1848an debekatu zuen esklabotza frantziar kolonia guztietan.

Espainia eta esklabotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiak ere erabili zituen esklaboak ameriketan zituen kolonietan lan egiteko. Esklabotza herrialdez herrialde debekatu zuten Hego Amerikan. Lehenengo lege antiesklabista Txilen egin zen 1811n. Hala eta guztiz ere, Espainiaren menpeko beste lurralde amerikarrek esklabotza onartzen jarraitu zuten XIX. mende amaierara arte. Esklabotza 1886an debekatu zuten guztiz Espainiaren Amerikako lurraldeetan. Esklabotza Hego Amerikan 1888an bukatu zen azkenean, Brasilek lege antiesklabista bat onartu zuenean.

Estatu Batuen kasua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetan esklaboen salerosketa 1807an debekatu zuten ofizialki, baina salerosketa hau ezkutuan egiten jarraitu zuten Gerra Zibilera (1861-1865) arte. Estatu Batuen hegoaldean kotoi-plantazioak hazi ahala, esklabo gehiago behar zituzten lanerako. Hegoaldeko estatuak esklabotzaren alde zeuden. Maryland baino iparralderagoko estatu guztietan, aldiz, esklabotza debekatua zegoen 1804rako. Estatu Batuetan, iparraldea izan zen mugimendu abolizionistaren erdigune.

Mugimendu horretako buruzagi ezagunena William Lloyd Garrison izan zen; Ameriketako Elkarte Antiesklabista sortu zuen 1833an. Hala ere, abolizionista estatubatuarrak ez ziren beti ados jartzen esklabotza desagerrarazteko moduan. Batzuek gobernuak esklabotza debekatzen zuten legeak sortzea nahi zuten. Beste batzuk esklaboei ihes egiten eta leku seguruetara (iparraldeko estatuetara edo Kanadara) iristen laguntzen saiatu ziren.

Mugimendu abolizionista indarra lortzen joan zen, jende gehiagok esklaboen bizi-baldintzen berri izan ahala. Jendea suminduta zegoen esklabo-ehiztarien krudelkeria ikusita; hauek ihes egiten zuten esklaboak harrapatu eta jabeei itzultzen zizkieten.

1860ko azaroan Abraham Lincoln hautatu zuten Estatu Batuetako presidente. Lincoln esklabotzaren aurka zegoen. Ondorioz, hegoaldeak mehatxu bezala ikusi zuen Lincoln. Hurrengo hiru hilabeteetan, hegoaldeko estatu batzuk Estatu Batuetatik banandu ziren eta Konfederazioa osatu zuten. Honek Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila eragin zuen. 1863an, liskar betean, Lincolnek Emantzipazio Aldarrikapena iragarri zuen. Dokumentu honek estatu konfederatuetako esklabo guztiak askatu zituen. Estatu Batuek 1865ean garaitu zuten Konfederazioa. Orduan desagertu zen guztiz esklabotza Estatu Batuetan.