Wikipedia, Entziklopedia askea

Abraham Lincoln

👶
Jaiotza
1809ko otsailaren 12a
Sinking Spring Farm (en) Itzuli eta Hodgenville
💀
Heriotza
1865eko apirilaren 15a
Petersen House eta Washington
🔨
Lanbidea
politikari
📷
Argazkiak
ikusi
Abraham Lincoln, 1863ko erretratu batean.

Abraham Lincoln Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) hamaseigarren lehendakaria izan zen, bai eta herrialde horrek XIX. mendean izandako lider onenetariko bat ere.

Presidente zela, Gerra Zibila lehertu zen AEBetan (Sezesio Gerra), Iparraldeko eta Hegoaldeko Estatuen artean. Hegoaldekoek esklabotza mantendu nahi zuten, eta Iparraldekoek kendu. Horregatik, hegoaldeko estatuek AEBetatik banatu nahi izan zuten. Lincoln gogor borrokatu zen Batasunaren alde eta esklabotzaren aurka.

Bigarrenez lehendakari hautatua izan eta handik gutxira, tiro bat eman eta hil egin zuten.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lincoln 1809ko otsailaren 12an jaio zen Kentucky estatuan, baina 7 urte zituenean Indiana estatura bizitzera joan zen bere familiarekin. Haren gurasoak nekazariak ziren. Abrahamen ama hil ondoren, aita berriro ezkondu zen. Guztira, Abraham urte bat baino gutxiago joan zen eskolara.

1830ean, Lincoln Illinois izeneko estatura joan zen bizitzera. Lan desberdin asko egin zituen eta Zuzenbide ikasketak egin zituen bere kabuz. 1836an abokatu bihurtu zen eta Springfield hirira aldatu zen. 1842an, Mary Toddekin ezkondu zen eta lau seme izan zituzten.

Ibilbide politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1834an, Lincoln Illinoiseko legebiltzarrerako aukeratu zuten eta beste hiru aldiz ere izan zen aukeratua. 1847an Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberan sartu zen. 1849an berriz zuzenbidean jardutera itzuli zen.

Esklabotzarekin zeuden arazoen ondorioz politikara itzuli zen. 1856an, Alderdi Errepublikano berriaren Illinoiseko adarra antolatzen lagundu zuen. Errepublikanoek esklabotza gelditu nahi zuten eta 1858an Lincoln AEBko senatari izateko lehiatu zen Stephen A. Douglas demokrataren kontra. Bi hautagaiek esklabotzari buruzko hainbat debatetan parte hartu zuten. Douglasek irabazi zuen hauteskundea, baina debateek ospetsu egin zuten Lincoln.

Lincoln presidente izateko aurkeztu zen 1860an eta irabazi egin zuen. Hegoaldeko estatuak beldur ziren presidente errepublikano batek esklabotza debekatuko zuela eta Batasuna uztea erabaki zuten. 1861eko martxoan Lincoln presidente karguan sartu zenerako, Hegoaldeko zazpi estatu Batasunetik bereizi ziren. Hegoaldeko estatuek beste gobernu bat eratu zuten, Ameriketako Estatu Konfederatuak.

Horren eraginez, Gerra Zibila hasi zen 1861eko apirilean, tropa Konfederatuek Fort Sumter erasotu zutenean, Batasunak Hego Carolinan zuen gotorleku bat. Lincolnek gerran zuen helburu nagusia Batasuna salbatzea zen. Hala ere, bazekien Estatu Batuen etorkizuna bermatzeko esklabotzaren inguruko erabaki bat hartu behar zuela. 1862an, Lincolnek askatasuna hitzeman zien urte hartan Batasunera itzuli ez ziren Estatu Konfederatuetako esklaboei. Hegoaldeko estatuak konturatu baino lehen, Lincolnek esklabo denak askatu zituen 1863ko urtarrilaren 1ean sinatutako Emantzipazio-Aldarrikapenarekin.

1864an, Lincoln bigarren aldiz aukeratu zuten presidente. 1865eko apirilaren 9an, Robert E. Lee Jenerala eta bere armada konfederatua errenditu ziren Ulysses S. Grant Batasuneko Jeneralaren aurrean. Gerraren amaiera ospatzeko, Lincoln Washington hiriko Ford antzokira joan zen apirilaren 14ko gauean. Antzezlanaren erdian, John Wilkes Booth izeneko esklabozale gazte batek Lincolni buruan tiro egin zion. Lincoln hurrengo goizean hil zen. Andrew Johnson presidenteordeak hartu zuen presidente kargua.