Wikipedia, Entziklopedia askea

Ahizpatasun

Eduki-taula

Manifestazio feminista.

Ahizpatasun hitzak emakumeen arteko elkartasuna adierazten du, genero-desberdinkeria ezabatzeko borrokan, batez ere; hau da, matxismotik datorren indarkeriari edo diskriminazioari eta kultura patriarkalari aurre egiteko borrokan. Gure gizarteko kultura patriarkalak esan nahi du jakintzat jotzen dela gizonaren gehiagotasuna emakumearen aldean eta gizarteak berak gizonak bultzatzen dituela kargu sozial eta politiko garrantzitsuak betetzeko orduan. Horregatik, emakumea etxeko lanez edo maila baxuagoko lanez arduratu da denbora luzez. Betidanik zailagoa izan da emakumeentzat maila altuko lanpostuak lortzea, eta gutxiago ordaindu izan zaie.

Ahizpatasuna borroka feministaren bidez adierazten da, bizitza soziopolitikoaren arlo guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. Berdintasun horretara iritsi ahal izateko, emakume askok indarrak batzen dituzte. «Feminismoaren bigarren olatuaz» (1960-1980) geroztik, ahizpatasuna edozein klase, etnia, erlijio, orientazio sexual edo nazionalitatetako emakumeen arteko lotura gisa ulertzen da, genero-irizpidea beste guztien aurretik jarriz.

Ahizpatasunaren oinarrian dagoen ideia zera da: genero-diskriminazioari aurre egiteko, ezinbestekoa dela emakumeak batzea eta batak bestea babestea, egitura soziala aldatzeko gai izango den ekintza politiko bat sortzeko. Emakumeen arteko ahizpatasun-loturarik gabe, sexuen arteko berdintasunaren aldeko borrokak hutsuneak izango lituzke.

Ahizpatasuna emakumeen eguneroko bizitzan ere gauzatu daiteke; adibidez, beste emakumeei lagunduz beren helburuak bete ditzaten, beste emakumeen lorpenak ospatuz, ulertuz emakume guztiek ez dituztela sentimendu eta emozio berdinak... Ahizpatasuna desberdintasunak ulertu eta onartzea da, emakume bakoitzak gainontzeko emakumeak zaintzea, eta haiekin atsegina eta eskuzabala izatea.

Ahizpatasuna erakutsi daiteke, adibidez, gainontzeko emakumeekin ez lehiatuz, lagunduz haien gorputzekin ondo senti daitezen eta seme-alabak feminismoan eta genero-berdintasunean heziz.