Wikipedia, Entziklopedia askea
Patriarkatuaren aurkako manifestazio feminista.

Patriarkatua gizonezkoek emakumezkoen gainean duten botereari eusten dion egitura soziala da. Hitza «aiten gobernua» esan nahi duen grezierazko termino batetik dator.

Gizarte patriarkaletan, gizonezkoen nagusitasuna arlo guztietan nabaritzen da; horregatik, nagusitasun horrek modu ia oharkabean jarraitzen du erreproduzitzen.

Patriarkatua familian eta etxeetan, lan-eremuan eta esparru akademikoan agertzen da. Baita maila politiko eta instituzionalean ere, gizonak baitira estatuko ia botere-kargu guztiak dituztenak. Erlijio-erakundeetan ere existitzen da gizonak emakumearen gainean duen nagusitasuna. Horixe gertatzen da, adibidez, katolizismoarekin: erlijio horretan, emakumeak ezin dira apaiz izan ezta Elizaren hierarkian parte hartu ere.

Patriarkatua izan da eta, neurri handi batean, oraindik ere bada, Mendebaldean indarrean dagoen estruktura soziala, baina baita Ekialdean ere. Adibidez, Txinako gizarte tradizionalean edo gizarte musulmanetan, emakumeen funtzio nagusia espeziea iraunaraztea izan da. Amerikako jatorrizko herrien artean ere gizarte-antolaketa patriarkala zen eta emakumeek zapalkuntza handia jasan zuten. Ijitoen komunitateetako arauak ere patriarkek ezarritakoak dira, hau da, talde bakoitzeko gizon helduenek.

Ikusten dugunez, patriarkatua mundu osoko ia kultura guztien aurkitzen da, gizonaren botere fisikoan eta emakumearen usteko izaera ahulean oinarrituta. XX. mendearen erdialdetik, mugimendu feministek borroka egin dute eta borrokan jarraitzen dute patriarkatuaren ondorioak ahal den neurrian arintzeko. Mendebaldean batez ere, borroka feministari esker, emakumeek gaur egun parte-hartze sozial eta politiko handiagoa dute, nahiz eta oraindik diskriminazio handia dagoen «sexu ahula» deritzonaren aurka, hau da, emakumeen aurka.

Noiztik existitzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adituen arabera, egitura sozial hau ez da betidanik existitzen. Ikerlari batzuek, antzinako Ekialde Hurbileko lehen zibilizazioetan kokatzen dute patriarkatuaren sorrera, eta gerrarekin, sexuarekin eta ugalketarekin zerikusia duela uste dute. Zibilizazio horietan, familia-antolaketa jakin bat finkatu zen, gizona izanik familiaren burua zen eta emazte eta seme-alabengan erabateko boterea zuena. Hortik abiatuta, gizona zen egitura publikoetan parte hartzen zuen bakarra, eta emakumea eremu pribatura baztertu zuten, etxea, senarra eta seme-alabak zaintzera.

Bibliak berak patriarkatua sostengatzen du. Izan ere Bibliaren arabera, Eva Adamen saihets batetik irten zela eta Jainkoak gizonari laguntzeko eta zerbitzatzeko sortu zuen. Familia hebrearren buruak gizonak ziren; patriarkak ziren, Abraham, Jakob eta Jose. Kristautasunean patriarkatua apezpiku batzuek lortzen duten ohorezko kargua da.

Antzinako Erroman, aitak ziren etxeko «erregeak»; gizonezkoek zuten familiako kideen eta haien ondasunen gaineko botere guztia.

Patriarkatuaren adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun patriarkatua hainbat formatan agertzen da. Ondorengoak ditugu adibide batzuk:

  • Emakumearen menpekotasun ekonomikoa. Hori gertatzen da emakumeak gizonek baino lan okerragoak edo gutxiago ordaintzen diren lanak dituenean. Emakume baten soldata postu berean dagoen gizon batena baino baxuagoa denean ere gertatzen da, eta baita emakumeari etxekoandrearen rola ematen zaionean ere. Emakumea haurrak zaintzeaz arduratzen dena bada, ezin du soldatapeko lanik egin eta diru-sarrera propiorik izan. Horren guztiaren ondorioz, emakumeek ez dituzte gizonen baldintza berdinak, eta gizonezkoen menpe daude bizirauteko.
  • Indarkeria matxista. Zoritxarrez, ohikoa da emakumeek indarkeria-mota desberdinak jasatea. Indarkeria matxista, bortxaketak edo sexu-jazarpenak dira horren adibide. Eraso horien ondorioz, emakumeak askotan baztertuak izaten dira edo ikusezin bihurtzen dira.
  • Karrera profesionalak. «Kristalezko sabaia» kontzeptua erabiltzen da emakumeek karrera profesionalean aurkitzen duten mugari buruz hitz egiteko. Emakume gutxik eskuratzen dituzte erabakiak hartzeko karguak enpresetan. Horren atzean hainbat arrazoi daude: gizonari protagonismo handiagoa ematen zaio; emakumeak bere buruari mugak jartzen dizkio beharrezko trebetasunak eta ezagutzak ez izatearen beldur delako; emakumeak familia zaindu behar du eta karrera profesionalari uko egiten dio. Oro har, edozein enpresatako kargurik garrantzitsuenak eta altuenak gizonen esku daude. Horri gehitu behar zaio emakumeak industria-mota jakin batzuetara bideratu ohi direla: irakasleak, idazkariak edo erizainak dira asko eta, orokorrean, gutxiago ordaindutako lanbideak dituzte.
  • Bermatu gabeko sexu-eskubideak. Askotan, sexualitateari dagokionez, emakumeek ez dituzte gizonen eskubide berberak izaten. Adibidez, sexu eta ugalketa-osasunerako, norbere gorputzari buruzko erabakiak hartzeko edota erabakitzeko seme-alabarik izan nahi duten ala ez, eta izatekotan, zenbat nahi dituzten.