Wikipedia, Entziklopedia askea

Akiles

Akilesen irudia antzinako eltze batean margotuta.

Akiles Troiako gerran aritutako heroi bat izan zen, bai eta Homeroren Iliadako pertsonaia nagusia ere. Troiaren aurka borrokatu ziren grekoen artean, ausartena Akiles izan zen. Haren ama Tetis jainkosa zen, nereida bat (itsasoko ninfa). Haren aita Peleo zen, Tesaliako erregea eta Zeus zeruko jaunaren biloba. Tetis eta Peleoren eztei-oturuntzan Eris jainkosak urrezko sagar bat bota zuen gonbidatuen artean, Troiako Gerra eragingo zuena.

Akiles jaio eta gutxira, gerraren ondorioz bere bizitzaren lorean hilko zela iragarri zuten moira zeritzen emakume iragarle batzuek. Arma bakar batek zauritu ez zezan, Tetisek azpimunduko Estigia zingirako ur beltzetan murgildu zuen bere semea. Amak handik heldu ziolako, orpoak ez zuen ur magikoa ukitu eta beraz, zauritu zitekeen Akilesen gorputzeko atal bakarra zen. Hortik dator "Akilesen orpoa" esamoldea, puntu ahula esan nahi duena.

Troiako Gerra hasi zenean, Akilesen amak, moiren hitzak beteko ziren beldur, neskaz jantzi eta Eskirozko erregearen gorteko dontzeilekin ezkutatu zuen. Trikimailuak ez zuen arrakastarik izan. Odiseo, grekoen artean azkarrena, saltzaile ibiltariz mozorrotuta joan zen gortera. Neskatilen aurrean salgaiak zabaldutakoan, bat-batean tronpeta hots bat entzun zen. Neskatilek oihu egin eta ihes egin zuten, baina Akilesek bere burua salatu zuen saltzaile ibiltariak eskaintzen zituen ezpata bat eta lantza bat hartuz.

Akiles borrokara batu zen eta bere aitaren gizonen, hau da, mirmidoien agintea hartu zuen. Gainerako grekoentzat ausardia eredu izan ziren. Ondoren, Agamemnon grekoen buruzagiarekin borrokatu zen maite zuen preso batengatik. Kendu ziotenean, bere jarraitzaileak borrokatik erretiratu, eta bere dendan gorde zen haserre. Horren ondorioz, armada grekoa bere ontzietara kanporatu zuten troiarrek.

Azkenik, grekoen egoerak hunkituta, Akilesek bere gizonak eta armadura utzi zizkion Patroklo bere lagun minari. Horrela, Patroklok mirmidoiak gudura eramatean, troiarrek Akilesekin nahastu, eta ikaratuta ihes egin zuten. Hala ere, Hektorrek, troiarren buruzagiak, Patroklo hil zuen. Akilesen armadura Hektorren sari bihurtu zen. Haserre eta atsekabetuta, Akilesek Hektor hilko zuela zin egin zuen. Bitartean, bere ama Olinpora joan zen berehala, Hefestori, errementarien jainkoari, armadura berria eskatzeko. Hura jantzita, Akiles borrokara itzuli zen. Troiar asko hil zituen eta gainontzekoek —Hektorrek izan ezik— hiri barrura ihes egin zuten. Akilesek orduan, Hektor hil zuen.

Troiarrek euren buruzagia galdu arren, beste nazioen laguntzaz borrokan jarraitu ahal izan zuten. Akilesek aliatu horien indarra suntsitu zuen Memnon etiopiarren printzea, eta Pentesilea amazona erregina hiltzean.

Akiles nazkatuta zegoen gerraz, eta gainera, Hektorren arreba Polixenaz maitemindu zen. Harekin ezkontzeko, grekoei bakea eskatzea onartu zuen. Tenpluan ezkontza antolatzen ari zela, Hektorren anaia Parisek hil egin zuen; pozoindutako gezi bat jaurti zion Akilesi haren gorputzeko zati ahul bakarrenera: orpora.