👶 Jaiotza 1975eko ekainaren 4a Los Angeles |
🔨 Lanbidea modelo |
📷 Argazkiak ikusi |
Angelina Jolie aktore estatubatuarra da. Oscar sari bat irabazi zuen Girl, Interrupted (1999) filmean buruko paziente bat jokatzeagatik, bigarren mailako aktore bezala.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jolie 1975eko ekainaren 4an jaio zen Los Angeles hirian, Estatu Batuetan. Jon Voight aktorearen alaba da. New Yorken pasatu zuen haurtzaroaren zati handi bat, 11 urterekin Los Angelesera joan zen arte. Antzerkia eta interpretazioa edo aktore-lana ikasi zuen bi urtez. New Yorkeko Unibertsitatean arte dramatikoa ikasi zuen gero. Antzerki-produkzioetan parte hartzeaz gain, modeloa izan zen eta hainbat bideo musikaletan agertu zen.
Hackers (1995) pelikulan egin zuen bere lehen paper garrantzitsua zineman. Pelikula hori grabatzen ari zirela ezagutu zuen bere lehen senarra, Jonny Lee Miller aktore britaniarra. Pelikulak ez zuen arrakastarik izan, ezta ondoren egin zituen pelikuletako askok ere. Alabaina, 1997an ezagunagoa egin zen George Wallace telefilmean Alabamako gobernadore segregazionistaren emaztea interpretatzean, eta, ondoren, Urrezko Globo bat irabazi zuen bere interpretazioagatik. 1998an HBOko Gia filmean drogen menpekotasunaren aurka borrokatzen zen supermodelo baten papera egin zuen. Sari eta aitormen ugari eman zizkioten bere lanagatik, Urrezko Globo bat, besteak beste. 1999an Pushing Tin komedian agertu zen Billy Bob Thorntonekin, eta hurrengo urtean ezkondu ziren (2003an dibortziatu ziren).
Girl, Interrupted filmean egindako lanaren ondoren, Joliek akziozko film batzuk egin zituen. Auto-lapur baten emaztea antzeztu zuen Gone in Sixty Seconds filmean (2000). Geroago, kaleko borroka eta kickboxinga ikasi behar izan zituen Lara Croft filmetako paper nagusietarako: Tomb Raider (2001) eta Lara Croft Tomb Raider: the Cradle of Life (2003). 2004an Alexandro Handiaren ama jokatu zuen Oliver Stone-ren Alexander filmean, eta protagonista izan zen Sky Captain and the World of Tomorrow filmean, 30eko hamarkadako New Yorken girotutako zientzia fikziozko thrillerrean. Bi filmetako batek ere ez zuen arrakastarik izan zinema-aretoetan. Hala ere, Joliek arrakasta lortu zuen Mr. and Mrs. Smith (2005) filmarekin; hiltzaile bat antzezten zuen bertan, etxekoandre arrunt baten plantak egiten zituena. Filmeko beste protagonista nagusia Brad Pitt zen, eta biak bikote bihurtu ziren geroago.
Robert De Niroren The Good Shepherd (2006) filmean, Joliek CIAko lehen agente baten emaztea jokatu zuen; A mighty heart (2007) filmean, kazetari bahitu baten emaztea. Azken hori benetako istorio batean oinarritua zegoen, eta Joliek kritikaren onarpena lortu zuen. Ondoren, Beowulf (2007) eta Wanted (2008) filmetako protagonista izan zen. Clint Eastwooden Changeling (2008) filmean semea bahitu eta beste batengatik ordezkatzen zioten ama baten papera jokatu zuen. Oscarretarako beste izendapen bat ekarri zion film horrek.
2010ean, Joliek Salt akziozko thrillerrean Errusiarentzat espiazea leporatzen zioten CIAko agente baten papera egin zuen, eta Johnny Deppekin batera agertu zen The Tourist filmean. Geroago, Maleficent filmeko (2014) gaiztoaren papera antzeztu zuen. Akziozko film errealak irudi atseginagoa eman nahi zion 1959ko Disneyren Loti Ederra klasiko animatuaren maitagarri gaiztoari. Bestalde, Joliek ahotsa jarri zien Kung Fu Panda (2008) eta bere ondorengo animaziozko filmei (2011 eta 2016).
Joliek zuzendari eta gidoilari gisa debutatu zuen In the Land of Blood and Honey (2011) filmarekin. 90eko hamarkadako Bosniako gerran girotutako maitasun istorio nahasia da. Bigarren Mundu Gerrari buruzko Unbroken (2014) drama zuzendu zuen ondoren. Filma benetako istorio batean oinarritu zen: protagonista nagusia korrikalari olinpiar bat da, Bigarren Mundu Gerran bere hegazkina erori ondoren japoniarrek preso eduki zutena. 2015ean, Joliek By the Sea filma zuzendu eta idatzi zuen, baita bertako protagonista izan ere, Pittekin batera. 70eko hamarkadako Frantzian arazoak zituen bikote batean zentratzen da. First They Killed My Father: A Daughter of Cambodia Remembers (2017) filma egin zuen ondoren: Loung Ung-en memorien egokitzapena da, 70eko hamarkadako Khmer Gorrien erregimen basatian izan zuen haurtzaroari buruzkoa.
Jolieren bizitza pertsonalak aktore-lanak bezainbesteko arreta erakarri du sarri. Pittekin izan zuen harremana prentsa sentsazionalista errukigabearen jomuga izan zen. Bikotearen seme-alaba biologikoen, Shiloh-ren (2006) eta Knox eta Vivienne bikien (2008) jaiotzak interes ikaragarria eragin zuen. Jolie eta Pitt 2014an ezkondu ziren, baina Joliek dibortzioa eskatu zuen bi urte geroago.
Jolieren lan humanitarioak ere interesa piztu du. 2001ean, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (gaztelaniaz, ACNUR) borondate oneko enbaxadore izendatu zuten. Izendapen horren ondoren, pobreziak kaltetutako herrialde askotara bidaiatu zuen eta Kanbodia, Etiopia eta Vietnamgo haur batzuk adoptatu zituen. 2012an, Jolie ACNUReko errefuxiatuekin lotutako gaietarako ordezkari berezi izendatu zuten. Hurrengo urtean, Arte eta Zientzia zinematografikoen Akademiako Jean Hersholt sari humanitarioa jaso zuen.