Wikipedia, Entziklopedia askea
Animalien salerosketaren kontrako protesta.

Animalien eskubideak konteptua erabiltzen da pertsonek animaliak tratatzen dituzten moduari eta animalien ongizaterako dituzten ardurei buruzko debateetan.

Jende gehiena bat dator animaliak ondo tratatu beharko genituzkeela eta haien beharrak asetu beharko genituzkeela; hala ere, askotan ez dago oso argi horrek zer esan nahi duen. Animaliek zenbait gauza behar dituzte bizitzeko; beharrik oinarrizkoenak janaria, ura eta aterpea dira. Herrialde askok legeak dituzte pertsonek animaliei bizitzeko behar dituzten baldintzak eskaintzen dizkietela bermatzeko. Animalien ongizaterako lan egiten duten erakundeek, bestalde, legeak betetzen eta jendeari ardura horien garrantzia erakusten laguntzen dute.

Oinarrizko eskubideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Animalien eskubideak defendatzen dituzten pertsonek pentsatzen dute animaliek oinarrizko eskubideez harago doan tratamendua merezi dutela. Ez datoz beti bat eskubide horiek zein diren esatean, baina oinarrizko ideia batzuk partekatzen dituzte animalien ongizatearen eskubideei eta akatsei dagokienez. Horien arabera, animaliak ez dira esperimentuetarako erabili behar, eta ezin dira hezi edo sakrifikatu janaria, arropa edo botikak lortu ahal izateko. Animalien eskubideak defendatzen dituzten pertsonetako batzuek, gainera, uste dute gaizki dagoela animaliak ehizatzea, zoologikoetan izatea edo entretenimendurako erabiltzea.

Animalien eskubideak defendatzen dituztenek uste dute animaliek ere eduki beharko lituzketela eskubideak, gizakiek bezalaxe. Batzuen ustez, animaliek sufritu eta mina senti dezaketenez, pertsonek saiatu beharko lukete animaliei minik ez egiten, beste edozein pertsonarekin egingo luketen bezala. Beste batzuen aburuz, animaliak inteligenteak dira eta gizakien antzeko jarrera batzuk dituzte, eta beraz gizakiak bezala babestu beharko lirakete.

Beste pertsona batzuek, aldiz, uste dute gizakien eta gainerako animalien arteko desberdintasunak nahikoa direla animaliak desberdin tratatzea onartzeko. Zientzialariek diote beharrezkoa dela animaliak erabiltzea sendagai berriak edo gaixotasunentzako tratamenduak probatzeko. Gainera, animaliak kutsaduraren edo substantzia kimiko kaltegarrien eraginpean jartzea ere beharrezkoa dela diote, substantzia horien efektuak zeintzuk diren ikusteko, eta, horrela, gizakiei horiek tratatzen laguntzeko.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jendeak milaka urte daramatza animalien eskubideei buruz eztabaidan. Urte luzez, jende gehienak pentsatu zuen animaliak gizakiak baino gutxiago zirela, eta jendeak nahi zuena egin zezakeela haiekin. Alabaina, pertsona batzuek uste zuten gizaki batzuk ere tratatu zitzaketela aparteko moduan; gizaki horiek esklabotzat zituzten, eta zakarki tratatzen zituzten. XVIII. mendearen amaieran, abolizionista deiturikoak esklabotza eta gizakienganako bestelako tratu txarrak debekatzen saiatu ziren. Animalienganako tratu txarrak ere geldiarazi nahi zituzten. Animaliak babesten zituzten lehen legeak lanerako erabiltzen ziren animalietan aplikatu ziren, ganadu eta zaldiekin esaterako, eta baita etxe-animalietan ere. Animaliak laborategi-esperimentuetan erabiltzea eta irakaskuntzan animalien disekzioa eragozteko helburuz egin ziren beste lehen lege batzuk.

Joan den mendeko 70eko hamarkadan ikuspegia zabaldu zen eta animaliak larrua, artilea eta janaria lortzeko erabiltzearen kontrako protestak agertu ziren. Animalien eskubideen aldeko ekintzaileek ingurumenaren aldekoekin bat egin dute. Habitat naturalak babesteko egiten dute lan, habitat horiek suntsitu ez ditzaten etxeak edo bestelako eraikinak eraikitzeko.

XX. mendearen amaieran, animalien eskubideen aldeko aktibistek jende askoren animaliekiko ikuspegia aldatu zuten. Jende asko konbentzitu zuten haragirik ez jateko. Enpresa handi batzuk ere konbentzitu zituzten animaliekin esperimentatzeari utz ziezaioten. Zientzialariek modu berriak aurkitu dituzte produktuak probatzeko, eta eskolek ordenagailu-programak erabil ditzakete ikasleei animalien barrualdea erakusteko, benetako animaliak disekzionatu beharrean.

Zezenketan, zezen asko hiltzen dituzte.

Hala ere, urtero milioika animalia erabiltzen dira oraindik ikerketetarako mundu osoan, eta jende askok haragia jaten jarraitzen du. Pertsona batzuen ustez, oraindik animalien eskubideen kontrako neurrigabekeria gehiegi gertatzen dira, Espainiako zezenketan, adibidez. Beste batzuek diote legeak ez duela nahikoa egiten animaliak gehiegikeria horietatik babesteko. Pertsona horiek batzuetan muturreko neurriak hartzen dituzte haien ikuspuntua defendatzeko, eta animaliak laborategietatik askatzen dituzte edo larruak erabiltzen dituztenei erasotzen diete.