Wikipedia, Entziklopedia askea
Anoeta estadioa Amara berritik ikusia

Anoeta estadioa, gaur egun Reala Arena bezala ezagututa, Donostian dagoen estadio bat da. Bertan Real Sociedad futbol taldeak jokatzen du. 1993ko uztailaren 29an inauguratu eta aurreko Atotxa zelai (1913-1993) txuri urdin mitikoa ordezkatu zuen. 2017-2018 denboraldian Izaskun Larzabal arkitektoaren zuzendaritzapean estadio berriaren eraldaketa lanekin hasi ziren eta 2019-2020ko denboraldian amaitu ziren.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anoeta, Amara Berri auzoan dago.

Futbol zelaiaz gain, Errealaren egoitza, Errealaren denda eta Gipuzkoako Futbol Federazioaren egoitza ere badaude bertan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1970eko hamarkadaren amaieraldera Atotxa estadioa zaharkitua eta txikiegia gelditzen ari zen, beraz errealaren zuzendaritzak estadio berria eraikitzeko asmoa zuen, nahiz eta azkenean ez lortu.

1980. urte inguruan, estadio berria eraikitzeko proiektua berriz ere martxan jarri zen,baina oraingoan Amara Berri auzoan, gaur egun Anoeta dagoen lekuan, Erreala eta Donostiako Udala adostasun batera iritsi zirenez, estadioa eraikitzeko proiektua onartu zen. Udalak futbol estadioa izateaz gain atletismoko pistak izateko baldintza jarri zuen horrela atletismoko estadioa ere bihurtuz.

1993ko uztailaren 29an inauguratu zuten, Atletismoko Europako Junior Txapelketa egiteko. Orduan, estadioak 29.000 pertsonentzako lekua zuen.

Halere, inaugurazio ofiziala 1993ko abuztuaren 13an egin zuten, "Kaixo Anoeta" izeneko ekitaldiarekin. Egun honetan, beste zenbait ekintza batzuez gain, Real Sociedad eta Real Madrilen arteko lagunarteko partida jokatu zen.

Musikari dagokionez, Anoeta estadioan hainbat kontzertu eskeini dira.

Ordutik hainbat lehiaketa jokatu dira bertan, UEFA txapelketa adibidez.

Eraldaketa

1990eko hamarkadaren erdialderako jada Anoetak estadio giroa galtzen hasi zen, atletismoko pistek harmailen eta zelaiaren arteko distantzia futbol estadio baterako handiegia baizen.

2016ko abenduaren 12an EAJko Eneko Goia alkateak prentsaurrekoan Anoetaren eraldaketa lana gauzatzeko lizentzia onartua zegoela eta eraldaketa lanei 2017ko martxoan ekingo zitzaiela adierazi zuen.Eraldaketa lanen arduraduna Izaskun Larzabal arkitektoa zen.

2019ko abuztuan eraldaketa lanak amaitu, eta 2019-2020 denboraldirako Anoeta berria 39.500 lagunentzako tokiarekin prest egongo zela iragarri zen.

Azkenean, 2019ko urriaren 14an, Errealak Atlético de Madriden aurka estreinatu zuen.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Estadioak 39.500 ikusleentzako tokia du.
  • Zelaiak 105 metro luze eta 70 metro zabal ditu.
  • 21 sarbide ditu.
  • 35.024 bazkide (2020ko abuztuaren 27an).

Zutikako animazio harmaila bat du. 2018ko otsailean Aitor Zabaleta Harmaila izena jasoko zuen, Aitor Zabaleta txuri urdin zaletu eraildakoaren omenez.

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]