Wikipedia, Entziklopedia askea

Arkitektura erromaniko

Nafarroako Gazolaz herriko eliza erromanikoa

Arkitektura erromanikoa Europako mendebaldean Erdi Aroan garatu zen arkitektura-estiloa izan zen; gutxi gorabehera, X. mendetik XIII. mendera arte iraun zuen, eta, haren ondoren, estilo gotikoa etorri zen. Eraikin erlijiosoetan garatu zen, batez ere; hau da, eliza, baseliza, abadetxe eta monasterioetan.

Erlijioaren indarrak eta gizarte feudaleko goi-estamentuen aberastasunak ekarri zuen eraikin erlijioso ugariren eraikuntza; izan ere, errege-erreginek, nobleek eta eliz-agintariek bultzatu zuten arkitektura erromanikoa kristautasuna zabaltzeko eta fededunei irakaspen erlijiosoa emateko.

Nolakoak dira eliza erromanikoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza erromanikoaren eskema

Elizak dira arte-estilo honen emaitza nagusiak. Eliza erromanikoen ezaugarri nagusiak honako hauek dira:

  • Harriz eginda daude, harlanduzko horma lodiekin; horma sendoak dituzte leiho gutxi eta txikiekin, eta hormabularrak izaten dituzte kanpoan, hormei eusteko.
  • Gurutzearen forma edo oina dute, askotan hiru naberekin; nabe edo habearte nagusi bat gurutzearen besorik luzeenean, eta beste nabe bana alboetan, estuagoak eta baxuagoak. Gurutzearen bi besoak gurutzatzen diren tokia gurutzadura deitzen da eta dorre edo zinborrio biribil batez edo forma oktogonaleko batez estalita egoten da askotan.
  • Nabeak kanoi-ganga deitzen den sabai biribil batez estalita daude.
  • Elizaren burualdea, absidea deitua, zirkuluerdi-formakoa izaten zen. Absideari itsatsita, eliza handienetan, kapera erdizirkular txikiak egoten dira batzuetan.
  • Nabe nagusiaren estalkia kanoi-gangaz egina zen, harrizko horma eta zutabe lodien gainean.
  • Erdi-puntuko arkua eta kapitel apainduak zituzten, eskulturaz apainduak batzuetan.
  • Elizari itsatsita, kanpandorre bat edo bi zeuden, askoz altuagoak eta leiho ezberdinekin. Elizatik aparte ere egon zitezkeen, eta fededunei otoitzera deitzeko balio zuten.
  • Fatxada sinplea edo oso apaindua izan zitekeen. Atari edo portalean, sarrerako ateen gainean, eskultura ugari egoten dira.