Wikipedia, Entziklopedia askea

Erdi Aroa

Historiako garaien banaketa.

Erdi Aroa Europako historian bereizten diren garai nagusietako bat da: Antzinaroaren eta Aro Modernoaren arteko garaia da. Gutxi gorabehera, K.o. V. mendearen bukaeran hasi zen, Mendebaldeko Erromatar Inperioa desagertu zenean; eta Amerikaren aurkikuntzarekin amaitu zela esaten da, XV. mendearen bukaeran. Beraz, 1.000 urte inguru iraun zuen.

Goi Erdi Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroaren lehen erdiari, gutxi gorabehera, Goi Erdi Aroa deitzen zaio. Erdi Aroa hasi zen Europako iparraldetik iritsitako herri germaniko batzuek Erromatar Inperioko lurrak inbaditu zituztenean eta, horien eraginez, antolaketa politiko hori eta haren erakunde gehienak deseginda geratu zenean. Desagertu ez zen erakunde bakarra Eliza kristaua izan zen; izan ere, inbaditzaileek erlijio hori beraientzat hartu zuten, eta Eliza Europako erakunderik indartsuena bihurtu zen eta, poliki-poliki, Europako leku guztietara eta baita kanpoko leku askotara ere zabaldu zen. Politikari dagokionez, berriz, erromatarrek hainbat mendetan zehar lortutako batasuna desagertu eta, haren ordez, hainbat erreinu sortu ziren.

Garai honetako erregerik handiena Karlomagno izan zen. Franko izeneko herrien erregea zen, gaur egun Frantziak eta Alemaniak okupatzen dituzten lurretan. Baina Eliza kristaua ere oso indartsua eta boteretsua zen garai hartan; Aita Santua zen haren buruzagi nagusia, baina beste eliz agintariak ere oso ahaltsuak ziren. Aita Santuak Mendebaldeko Europako enperadore izendatu zuen Karlomagno 800. urtean. Haren inperioari Mendebaldeko Erromatar Inperioa deitu zitzaion, antzinako Erromatar Inperioa berpiztuko zuelakoan. Baina Karlomagno hil zenean, haren seme eta ondorengoak ezin izan ziren kapazak izan inperioaren batasunari eusteko.

Gainera, 800. eta 1000. urteak bitartean, bikingoek inbaditu zituzten Europako lurralde asko. Inbasioen eraginez, leku askotan feudalismoa izeneko sistema garatu zen, lurrak inbaditzaileengandik babesteko. Lurjaberik boteretsuenek (erregeak eta nobleek) gazteluak eraiki zituzten horretarako; jaun handi horiek beraien mendeko batzuei (zaldunei) lurrak eman zizkieten, gerran laguntzearen truke. Horiek osatzen zuten gizarteko biztanleria-zati gorena; beheko zatian, berriz, zerbitzariak eta nekazariak zeuden, jenderik behartsuena, askotan esklabo antzean lan egiten zuena nobleentzat eta jauntxoentzat.