Artur antzinako Britainia Handiko kondairazko errege bat izan zen. Arturiar kondaira izeneko kontakizun multzoan agertzen da. Errege honi buruzko istorioek historia, mitoak, amodioa, maitagarri-ipuinak eta erlijioa nahasten dituzte. Ehundaka urtez piztu dute jendearen irudimena.
Aditu batzuen ustez, Artur benetako pertsona bat izan zen, Britainia Handian V. edo VI. mendean bizi izan zena. Haien arabera, zelten buruzagi izan zen inbaditzaile saxoien aurkako guduetan. Artur borrokan hil zenean, bere herriak Frantziako Bretainiara eta Galesera egin zuen ihes. Bertan, Arturren ausardiari eta ontasunari buruzko istorioak kontatzen zituzten. Denboraren poderioz, heroi eta errege jakintsu eta boteretsu moduan egin zen ezaguna.
Arturren kondaira
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arturiar kondaira Artur erregeari buruzko kontakizun multzoa da. Antzina, istorio hauek ahoz kontatzen zituzten, eta geroago idatzi zituzten Britainia Handiko eta Frantziako idazleek, Erdi Aroan. Arturiar kondairako kontakizunen hainbat bertsio ezberdin daude, baina beti pertsonaia nagusi berak dituzte: Artur erregea, Ginebra erregina eta Mahai Biribileko Zaldunak.
Artur, kondairak dioenez, Uther Pendragon erregearen semea zen. Artur haurra zela, Merlinen ardurapean geratu zen. Merlin Britainiako erregeei aholkuak ematen zizkien azti jakintsu bat zen. Uther hil zenean, hurrengo erregea Excalibur ezpata harri batetik ateratzeko gai izango zen pertsona izango zela esan zuten. Ezpata hau magiaren bidez zegoen harrian sartuta, eta horregatik egin zuten porrot hura ateratzen saiatu ziren zaldun askok. Artur haur bat besterik ez zen, baina erraz atera zuen ezpata. Horrela frogatu zuen tronurako eskubidea berak zuela.
Istorioaren beste bertsio batean, Lakuko Anderea izeneko emakume misteriotsu batek eman zion ezpata Arturri. Anderearen besoa laku baten gainazalera agertu zen, ezpata eskuan zuela. Arturrek ezpata hartu zuenean, haren besoa desagertu egin zen. Borrokan zauritua izan ostean, Arturrek bere zaldun bati Excalibur ezpata lakura jaurtitzeko agindu zion. Ezpata uretara erortzen ari zenean, esku bat atera zen lakutik eta ezpatari heldu zion. Eskuak ezpata hiru aldiz astindu zuen eta berriz urperatu zen lakuan.
Artur erregea Ginebrarekin ezkondu zen, eta Kamelot izeneko leku batean izan zuen gortea. Erregea eta bere zaldun indartsu eta ausartak batera esertzen ziren mahai biribil handi baten inguruan, berdintasunean. Horregatik ezagutzen zituzten Mahai Biribileko Zaldun izenarekin. Zaldun batek ezin zuen beste zaldunek baino eserleku hobea izan, beraz, zaldun guztiak maila berean zeuden. Sir Lantzelot zen zaldun guztien artean ospetsuena; Sir Galahad, zintzoena; eta Pertzeval, inozenteena.
Artur erregea gerlari boteretsua zen, eta lur asko menderatu zituen. Bere iloba Mordredek, ordea, kontra egin zion (istorio batzuen arabera, Mordred Arturren semea zen). Artur oso larri zauritu zuten gudan eta Avalon uhartera eraman zuten sendatzeko, baina hil egin zen. Kondairaren arabera, Artur itzuli egingo da noizbait, eta errege izaten jarraituko du.
Bertsio batzuetan, mahai biribileko zaldunak Graal santuaren bila zebiltzan. Kondaira kristauek diotenez, Graala Jesusek azken afarian erabili zuen kopa izan zen. Bihotz eta jokabide garbikoak zirenek soilik ikus zezaketen Graala. Istorio haietako batzuetan, Pertzeval edo Galahad izan ziren Graala aurkitu zuten zaldunak.