Asteroide gerrikoa Marte eta Jupiterren artean dagoen Eguzki-sistemako eremu bat da, asteroide ugari dituena.
Asteroide gerrikoa, batzuetan, "asteroide gerriko nagusia" deitzen da, Eguzki-sistemako antzeko beste gerriko batzuetatik bereizteko. Gerriko honetako asteroide guztiak gorputz astronomiko txikiak dira, Zeresen salbuespenarekin, hau planeta nano bat baita.
Asteroide edo gorputz astronomiko horiek espazioan flotatzen duten milioika harri puskak dira, forma eta tamaina desberdinekoak; batzuk hartxintxarren tamainakoak, eta beste batzuk baita 100 kilometroko diametroa dutenak; beraz, haietako batzuk oso arriskutsuak izan litezke, planetaren baten grabitatearen eraginez gerrikotik urrundu eta Lurrerantz zuzenduko balira.
Eguzki-sistemaren sorreratik geratutako materialen hondakinak dira, planeta bat osatzera iritsi ez zirenak, seguru aski beste Jupiterrek grabitate-indarrari esker bereganatu zituelako material horietako asko. Geratutako zatiek esfera bat osatu beharrean eraztun formako gerriko bat egin zuten, eta ondorioz ez zen planetarik sortu. Harriz eta metalez eginda daude eta batzuk metal hutsez ere bai.
Eguzkiaren inguruan jiraka mugitzen dira, planetak bezala. Milioika izan arren, batzuk besteetatik oso urrun daude, batez beste milioi bat kilometro.