Wikipedia, Entziklopedia askea
Baso batean moztutako zuhaitzak.

Basogabetzea basoetako zuhaitzak moztea da. Hitza, normalean, gizakiek zuhaitzak moztuz basoak desagerrarazten dituztenean erabiltzen da, eta ez naturak eragiten duenean, urakanen ondorioz, besteak beste.

Historian zehar gizakiak askotan eragin du basogabetzea, baina gaur egungo egoera inoiz baino larriagoa da, eta horrek ingurumenean hainbat ondorio txar ditu.

Adituek diotenez, 1,3 milioi km² basogabetzen dira hamarkada bakoitzean. Neurri horren erdia baso primarioa da, hau da, aurretik inoiz moztu ez dena. Basogabetzen diren lekuetan ez da zuhaitz berririk landatzen zoritxarrez, eta, gehienbat, eskualde tropikaletan gertatzen da, non euri-oihanak mozten dituzten. Area gutxi batzuetan landatzen dira zuhaitz berriak, baina urte asko behar dira basoa lehengo egoerara itzultzeko.

Zergatik gertatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitzak egurra, eraikinak, altzariak edo papera egiteko mozten dira, baina baita animaliek bazkatzeko lekua izateko ere. Laborantza-lur gehienak basoak izandakoak dira: 11 milioi km²-ko azalera gaur egun, gutxi gorabehera. Eskualde tropikaletan baso asko mozten dira kafea, kautxu-landareak edo palmondoak landatzeko. Plantazio izenez ezagutzen diren lursail handietan landatu ohi dira eta plantazio-jabeek diru asko irabazten dute kafe-aleak, kautxu-landareen izerditik ateratzen den latexa eta palmondoetako olioa saltzen. Eskualdea bizileku berriak egiteko garbitu nahi denean ere basoak mozten dira.

Zeintzuk dira ondorioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basogabetzearen ondorioak maila askotan iger daitezke:

Kliman[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zuhaitzek eta beste landareek oxigenoa sortzen dute, gizakiek eta animaliek bizitzeko beharrezkoa duten gasa. Zuhaitzak mozten direnean, oxigeno gutxiago iristen da atmosferara.

Zuhaitzek karbono-dioxidoa xurgatzen dute gainera, berotze globala izenez ezagutzen den arazoaren eragiletako bat dena. Erretzen direnean, berriz, zuhaitzek karbono-dioxidoa atmosferara isurtzen dute.

Higaduran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendi-hegal aldapatsuetan egiten diren basogabetzeek higadura eragin dezakete. Zuhaitzek lurrari eusten ez diotenez, lurra higatu daiteke. Eurite bortitzen ondorioz, lurra maldetan behera joan daiteke eta soroak, etxeak eta bizitzak suntsitzen dituzten lur-jausiak sortzeko arriskua dago.

Habitataren galeran[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baso asko pertsonek atseden hartzeko edo jolasteko tokiak dira. Zuhaitzak mozten direnean, basoen erabilera hori galdu egiten da.

Hainbat izaki bizidun mota desagertu dira basogabetzearen ondorioz, oihan tropikaletan gehienbat. Gainera, basogabetzeak oihanetan bizi diren pertsonen bizimodua ere aldatu dezake.