Wikipedia, Entziklopedia askea

Beldar

Sits baten beldarra

Beldarra tximeletaren eta beste hainbat intsekturen larba da. Arrautzetik jaio ondoren eta pupa bihurtu aurretik datorren fasea da.

Beldarrek gorputza biguna, luzea eta hainbat eraztunetan banatua dute; askotan gorputza ilez edo arantzez estalia izaten dute. Beldarren gorputzak hiru atal ditu: burua, toraxa eta sabela. Burua askoz ere gogorragoa da kitina asko duelako, kare asko duen materiala. Buruaren alde banatan beldarrek puntu-formako sei begi dituzte. Garrantzitsuena ahoa da, beldarrek lan bakarra baitute: jatea.

Beldarrek 16 hanka dituzte, hau da, zortzi hanka-pare. Hala ere, hanka guztiak ez dira berdinak. Buruaren atzean toraxeko sei hanka daude. Gorputzaren erdialdean, beldarrek sabeleko zortzi hanka dituzte. Bentosa-itxurako hanka laburragoak dira hauek. Gorputzaren bukaeran beste bi hanka dituzte, gorputza aurreraka bultzatzeko erabiltzen dituztenak. Beldarrek zuloak dituzte gorputzeko hainbat ataletan, eta hauen bidez hartzen dute arnasa.

Orokorrean, belarjaleak dira, eta hostoak eta bestelako landare-zatiak jaten dituzte. Denbora gehiena jaten eta azkar hazten igarotzen dute. Jaten doazen heinean, beren gorputzak handitu egiten dira. Horretarako, beldarrek larruazal zaharra askatu eta larruazal berria osatzen dute, beren neurri berrira egokitzen dena. Prozesu honi muda deitzen zaio eta behin baina gehiagotan egin behar izaten dute guztiz haztera iritsi arte.

Beldarra behar bezainbeste hazi denean eta guztiz garatu denean, bere bizitzako hurrengo fasean sartzeko prest dago. Hurrengo fase horri pupa deitzen zaio. Fase honetan, beldarra heldu bihurtu arte eraldatzen da. Eraldatze honi metamorfosia deitzen zaio. Metamorfosia egin ostean, beldarra tximeleta bihurtuta irteten da kuskutik.

Beldarrek ba al dute etsairik?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txori askori beldarrak jatea gustatzen zaio. Besteak beste, saguek, kakalardoek, liztorrek, armiarmek eta baita azeriek ere beldarrak jaten dituzte.

Beldarrek ezin dute beren burua defendatu. Orduan, ondo kamuflatu behar izaten dute, eta horregatik dira beldar asko berdeak edo marroiak, zuhaitzen hostoak edo adarrak bezala. Beste batzuek kolore deigarriak dituzte, eta toxikoak dira. Beste beldar batzuek ile toxikoak dituzte, eta haiek ukitzea asuna ukitzea bezala da.

Beldar batzuek batak besteari heltzen diote, soka luze baten itxura hartuz. Prozesionari edo pinu-beldarrak dira honen adibide bat. Ziurrenik harrapakariek suge bat direla pentsatzeko egiten dute hau. Babes-teknika nahiko eraginkorra da.