Wikipedia, Entziklopedia askea
Beningo Erresumaren kokapena.

Beningo Erresuma X. mendearen inguruan hasi zen, Edo etniako jendea mendebaldeko Afrikako oihanetan bizitzen jarri zenean. Erresuma aberatsa sortua zuten XV. menderako, “oba” (errege) batek gobernatua. Obak letoi distiratsuz apaindutako jauregi ederretan bizi ohi ziren.

Denborarekin, obek lur gehiago irabazi eta inperio bat eraiki zuten. Europako merkatariekin ere hasi ziren trukean.

Beninek loraldi bat bizi izan zuen 200 urtez, baina XVII. mendean obak jendearen kontrola galtzen hasi ziren. XIX. mendea iritsi zenerako, Benin ez zen indartsua, eta erresumak batasuna galdua zuen. Bat-batean amaitu zen erresuma 1897an, Erresuma Batuko armada batek inbaditu eta Britainiar Inperioaren parte bilakatu baitzuen.

Nola hasi zen erresuma?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxi gorabehera, 900. urtearen inguruan, edo batzuk zuhaitzak mozten eta oihanean soilguneak irekitzen hasi ziren. Hasieran familia-talde txikietan bizi ziren, baina talde horiek gutxinaka erresuma bat bilakatu ziren.

Erresumak Igodomigodo zuen izena. Ogiso izeneko errege batzuek gobernatzen zuten; “zeruko agintariak” esan nahi du izen horrek.

XII. mendean borrokak egon ziren botereagatik, eta ogisoek euren erresumaren boterea galdu zuten.

Edoak beldur ziren herrialdea kaosean eroriko ote zen, eta laguntza eskatu zioten Ifeko erregeari, haien auzokoa baitzen. Erregeak semea bidali zuen, Oranmiyan printzea, Edo erresuman bakea berrezarri zezan.

Oranmiyanek Eweka semea aukeratu zuen Beningo lehen oba izateko. Eweka izan zen oba askoren artean lehena; XVI. mendean lortu zuten euren boterearen gailurra gobernari horiek.

Nola bihurtu zen Benin erresuma bat?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1440. urtearen inguruan, Ewuare Beningo oba bihurtu zen. Armada bat sortu, eta lurrak konkistatzen hasi zen. Benin hiria eta errege-gaztelua ere berreraiki zituen.

Eware oba bost errege gerlariren artean lehena izan zen. Bere seme oba Ozoluak 200 borroka irabazi omen zituen. Oba Esigie izan zen hurrena; erresuma zabaldu zuen ekialderantz inperio bat sortzeko, eta Ifeko erresumaren lurrak konkistatu zituen. Ozoluak eta Esigiek portugaldarrekin merkataritza bultzatu zuten. Merkataritzan irabazitako dirua armada handi bat eraikitzeko erabili zuten.

Laugarren errege gerlaria oba Orhogbua izan zen. Haren agintaldian lortu zuen erresumak tamainarik handiena. Niger ibaiaz harago hedatu zen ekialdetik, eta gaur egungo Ghanara arte mendebaldetik.

oba Ehengbuda izan zen azken errege gerlaria. Denbora gehiena bertako buruen matxinadei aurre egiten eman zuen. 1601an hil zen, eta ordutik aurrera Beningo Erresuma txikitzen joan zen gutxinaka.

Nola amaitu zen erresuma?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. menderako, Beningo Erresuma boterea galtzen hasi zen eta obak jendea gobernatzeko arazoak izaten hasi ziren.

Benin Britainiaren mehatxupean ere bazegoen. Britainiarrek Benin kontrolatu nahi zuten, bertako palma-olioa eta kautxua saldu eta aberasteko. Obak saiatu ziren britainiarrekin kontaktua mozten, baina britainiarrek merkataritzarako eskubidea zutela zioten.

1897an ordezkari britainiar batzuk Benin bisitatzen saiatu ziren. Ez zieten baimenik eman oba lanpetuta zegoelako erlijio-zeremonia batekin, baina hala ere bisitan joatea erabaki zuten. Beningo mugetara gerturatu zirenean, gerlari-talde batek atzera egitera behartu zituen, eta britainiar batzuk hil zituzten.

Eraso horrek britainiarrak sutu zituen. Mila soldadu baino gehiago bidali zituzten Benin inbaditzera. Beningo hiriburua suntsitu zuten eta Beningo Erresuma Inperio Britainiarraren mende geratu zen.

Beningo Erresumako kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikusi beste artikulu hau: