Wikipedia, Entziklopedia askea
Beningo letoizko plaka bat.

Beningo Erresumako biztanleek arte mota ugari egiten zuten. Herrixketako eskulangileek eltze, arma eta erreminta sinpleak egiten zituzten. Zeremonietarako maskarak lantzen zituzten, eta jainkoen buztinezko eskulturak egiten zituzten.

Beningo hirian, eskulangileak gremio izeneko taldeetan zeuden antolatuta. Gremioen artean zeuden zurginak, marfil-langileak, larruginak, errementariak eta ehuleak. Denetan garrantzitsuena letoigileen gremioa zen. Obarentzat (erregearentzat) bakarrik egin zezaketen lan.

Beningo artean pertsonak, animaliak eta jainkoak erakusten dira; gida zoragarria da Beningo erresumako bizitza eta erlijioa nolakoak ziren ulertzeko. Animalia batzuk, krokodiloak eta leopardoak esaterako, sarri ageri dira Beningo artean. Obaren boterea erakusteko sinbolotzat erabiltzen ziren.

Zer material erabiltzen zuten?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beningo eskulangileek material ugari erabiltzen zituzten; baina batez ere buztinarekin, zurarekin eta larruarekin egiten zuten lan. Ehuleek landareen zuntzak erabiltzen zituzten oihal koloretsuak egiteko. Materialik preziatuenak letoia, korala eta marfila ziren.

Jendeak uste zuen letoiak gaizkia uxatzeko boterea zuela. Hain zen berezia, gortean bakarrik erabil zitekeen. Gazteluko paretak letoizko plakez estalita zeuden, eta figurak eta errege-aldareetarako buruak egiteko erabiltzen zuten.

Koralak ere botere magikoak zituela uste zuten. Olokun izeneko itsas jainkoaren opari bat omen zen. Agintariek koralezko lepokoak, eskumuturrekoak eta orkatilakoak eraman zitzaketen, baina Oba bakarrik jantzi zitekeen osorik koralez. Jendeak uste zuen koralezko jantzia zeramanean berak botatako madarikazio guztiak beteko zirela.

Marfila purutasunaren eta indarraren ikurra zen. Zizelkatutako marfilezko letaginak zeuden Obaren tronuaren inguruan, eta marfilezko eskumuturrekoak eta zintzilikariak erabiltzen zituzten Obak eta agintari garrantzitsuek.

Beningo metalgileek plaka, maskara eta estatua ederrak egiten zituzten Obarentzat. "Beningo brontzeak" deitzen diete, nahiz eta gehienak letoiz eginda dauden, eta ez brontzez.

Nola ageri ziren europarrak artean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beningo eskulangileek sarri erakusten zituzten europarrak haien arte-lanetan. Atzerritarren irudi gehienek aurpegi luze eta estuak dituzte, eta sorbaldara arteko ile lisoa. Bizarra dute batzuetan, eta beste batzuetan armadura eta arma bat daramatzate.

Europarren itxura oso arraroa iruditzen bazitzaien ere, ongietorriak ziren Beninen. Obek harreman ona izan zuten Europako merkatariekin XIX. mendera arte, baina orduan europarrek jarrera aldatu zuten. Afrikako erresumekin besterik gabe salerosketan aritzeaz gain, haien lurrez jabetu nahi zuten.

XIX. mendearen amaieran, Europako herrialdeak euren artean borrokatu ziren Afrikako lurraldeak lortzeko. Afrikako erresumez jabetu eta haien inperioak eraiki zituzten.