Wikipedia, Entziklopedia askea

Bidezko merkataritza

Bidezko merkataritzako bananak.

Bidezko merkataritza gutxien garatuta dauden herrialdeetako nekazari eta ekoizleei laguntzeko sortutako mugimendu bat da. Merkataritza mota honetan, nekazari eta ekoizleek bidezko prezio bat jasotzen dute beren produktuengatik, beren lanetik bizitzen jarraitu ahal izateko; produktu horiek, gero, bidezko merkataritzaren etiketa eraman ohi dute saltokietan, erosleek aurkitu eta bereizi ahal izateko. Bidezko merkataritzako produktuak kafea, azukrea, tea, kotoia, ardoa, bananak eta eskulanak izaten dira.

Nola funtzionatzen du bidezko merkataritzak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutxien garatuta dauden herrialdeetako nekazari, artisau eta ekoizleek diru gutxiago jaso ohi dute ekonomikoki garatuago dauden herrialdeetakoek baino beren produktuengatik. Ia beti, produktu horien salmenta kontrolatzen duten enpresek eramaten dituzte irabazirik handienak; horren ondorioz, nekazari eta langile horiek pobrezian harrapatuta geratzen dira askotan.

Bidezko merkataritza mugimenduak nekazari, artisau eta langile horiek laguntzen diete irabazi hobeak lortzen beren produktuengatik; gainera, komunitateekin lan egiten dute, beren ekonomia garatzen laguntzeko, nekazaritza eutsigarria (hau da, ingurumena zaintzen duena eta produktu kimiko gutxiago erabiltzen dituena) bultzatzeko eta, bidezko prezioak ziurtatuz, komunitate osoaren bizi-baldintzak hobetu ahal izateko. Nekazariei eta langileei taldeka antolatzen ere laguntzen diete, kooperatiba moduan. Elkarrekin lan eginez, kooperatiba horiek gai dira beren produktuentzat prezio hobeak eskatzeko.

Horretarako, tratuak egiten dituzte bitartekariekin, hau da, produktu horiek erosten dituzten enpresa handiekin, eta mugimendu honen etiketa ipintzen diete, ardura sozialak dituzten bezeroengana errazago iristeko. Bestalde, kanpainak ere egiten dituzte gehiago garatuta dauden herrialdeetan, bezeroen sentiberatasuna sustatzeko; hau da, jendea konturatzeko produktu horien ekoizleek ere merezi dutela prezio edo ordainsari duina beren lanagatik.

Gurea bezalako herrialde garatuetan, batzuetan, bidezko merkataritzako produktuek gehiago balio dute, baina jende asko prest dago pixka bat gehiago ordaintzeko, mugimenduari eta gutxi garatutako herrialdeetako komunitate eta ekoizleei laguntzeko.