Wikipedia, Entziklopedia askea

Carpobrotus edulis

Carpobrotus edulis edo katu azazkala Aizoaceae familiako landare zukutsu bat da, jatorriz Hego Afrikakoa.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare herrestaria da, aurrez aurre kokatuta dauden hosto mamitsu eta hirukiak ditu, 3-10cm-takoak eta argizari ehundura duena. Bere loreak arroxa biziko edo hori ahul kolorekoak dira eta 8-10cm-tako tamaina dute.

Fruituari dagokionez jangarria da eta hazi ugari sortzen ditu. Itsasoko pikua deitzen zaio fruituari.

Espezie honek, azalera handietan begetatiboki hedatzeko joera du. Edozein substratutan hazi daiteke, oso ongi moldatzen da beste landareentzat onargarriak ez diren ezaugarriak dituzten lurretan. Tolerantzia handia du gazitasunaren aurrean eta beraz, leku askotan aurki dezakegu. Hau dela eta Euskal Herrian landare inbaditzailea da. Izan ere, espezie honek polen kopuru oso handiak sortzen ditu intsektu polinizatzaile asko erakarriz eta bertako espeziak kaltetuz.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabilerari dagokionez, gehienetan jardinetan apaingarri gisa erabiltzen da baina Hego Afrikan landarearen atal desberdinak medikuntza tradizionalean erabiltzen dira. Garai batean, lur zati batzuk egonkortzeko erabili izan zen arren, gaur egun espezi hau kontrolatzeko eta ez zabaltzeko neurriak hartzen dira.