Wikipedia, Entziklopedia askea
Dislexia duen ume baten testua.

Dislexia ume batek ikasteko zailtasunak dituenean gertatzen da, irakurtzeko eta idazteko zailtasunak dituenean bereziki, nahiz eta adimenaren arazorik ez izan. Ez da gaixotasuna, arazo neurologikoa bazik (nerbio-sistemakoa). Dislexia duenak gaitasun gutxiago ditu hizkuntzari lotutako sinboloak (letrak eta zenbakiak) erabiltzeko eta testu idatziak ondo idazteko eta ulertzeko.

Lehen Hezkuntzako umeek dislexia dutenean, zailtasunak izaten dituzte:

  • Zuzen hitz egiteko.
  • Hitz luzeak ondo ahoskatzeko.
  • Alfabetoko hizkiak, asteko egunak edota hilabeteak ordenan gogoratzeko.
  • Hitzak silabatan banatzeko edo soinuak identifikatzeko.
  • Letrak ordena zuzenean idazteko.

Ume dislexikoek ez dute beste umeek baino adimen maila baxuagoa, baina ez dituzte ondo ulertzen idatzitako hitzak, eta ondo idazteko ere arazoak izaten dituzte. Askotan, hitzak eta letrak ordena desberdinean idazten eta irakurtzen dituzte, hitz batzuk beste batzuekin nahasten dituzte eta, batzuetan, ez da ulertzen idazten dutena. Akats horiek normalak dira ikas-prozesuaren lehen fasean, baina ez badira zuzentzen umeak dislexia izango du seguraski.

Irakurtzea, gutxi gorabehera, bizikletan ibiltzea bezalakoa da: gauza asko aldi berean eta koordinatuta egin behar dira. Praktikarekin irakurleek hitzak modu automatikoan irakurtzen ikasten dute, eta horrela, energia mentala informazioa ulertzeko eta irakurritakoa gogoratzeko erabiltzen dute.

Dislexia duten haurrek, aldiz, arazoak dituzte letrak edo zenbakiak dagozkien soinuekin lotzeko. Arrazoi horrengatik, haientzat irakurketa ez da automatiko bihurtzen, aldiz, motel eta esfortzu handiz egiten dute. Haurrak irakurtzen hastean zailtasunekin topo egiten duenean, normalena da zapuztuta sentitzea. Horrek, arazoak ekar diezazkioke eskolan. Izan ere, Lehen Hezkuntzan aurrera doazen heinean, arazoak areagotu daitezke, testuak irakurtzea geroz eta garrantzitsuagoa bihurtzen baita. Horregatik izaten da garrantzitsua dislexiaren sintomak lehenbailehen identifikatzea, haurrari ikas-prozesuan laguntzeko.

Dislexia hiru bider ohikoa da haur mutilengan neskengan baino eta hereditarioa izan ohi da. Umeei lehenengo eskola urteetan nabaritzen zaie arazoa. Hala ere, irakurtzeko edo idazteko arazoak dituen haur oro ez da dislexikoa. Ondo irakurtzeko eta idazteko, urte askotan praktikatu behar da, baina haur bakoitzak modu desberdinean ikasten du: batzuei errazagoa egiten zaie eta bizkorrago ikasten dute; besteei, aldiz, zaila egiten zaie eta denbora gehiago behar izaten dute. Haur batzuek eskola hasi baino lehenagotik dakite nola idatzi beren izena. Beste batzuek, berriz, denbora gehiago behar izaten dute edo ez dute ondo ikasten. Ume batzuek zailtasunak izaten dituzte, eskolak berak ez dielako laguntzarik eskaintzen edo eskola ez delako ume horien erritmora egokitzen. Kasu batzuetan, etengabe aldatzen dira irakasleak eta umeek ezin dute ondo ikasi. Gainera, familia batzuetan ez dago irakurtzeko ohiturarik, eta familia horietako haurrek zailtasunak izan ditzakete ikasketa prozesuan.

Zorionez, horretarako prestatuta dauden pertsonen laguntzarekin, pertsona dislexiko gehienek ikasten dute irakurtzen eta gai izaten dira klaseetako erritmoa jarraitzeko. Hala ere, askok bizitza osoan zehar izango dituzte ondo irakurtzeko eta idazteko arazoak. Inteligentzia-probetan, ordea, pertsona dislexikoek batez bestekoak baino emaitza hobeak lortzen dituzte.

Zergatik gertatzen da eta nola tratatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazoaren kausa ez da ezagutzen. Ikerketa batzuek ondorioztatu dute dislexia burmuinak informazioa prozesatzeko duen moduarekin lotuta dagoela. Ikertzaileek burmuinaren argazkiak erabiltzen dituzte, nola funtzionatzen duen ikusteko, eta badirudi dislexia duten pertsonek, dislexia ez dutenekin alderatuta, burmuineko zati desberdinak erabiltzen dituztela irakurtzen dutenean. Horregatik kostatzen zaie gehiago irakurtzea.

Dislexia tratatzeko modurik onena irakurketa-formakuntza jarraia egitea da. Dislexia duten haurrek irakasle batekin edo irakurketan espezializatutako hezitzaile psikopedagogiko batekin egiten dute lan, eta haiek laguntzen diete irakurtzen eta idazten, baita ikas-prozesuko zailtasunei aurre egiten ere. Batzuetan, gomendagarria izaten da hizkuntza-arloko terapeuta batekin edo logopeda batekin lan egitea, haiek baitira dislexia duten haurrekin lan egiteko prestakuntza jaso dutenak.

Bestalde, garrantzitsua da familia bakoitzak dislexia duen haurrari babesa ematea, irakurtzera bultzatuz eta etxean daudenean irakurtzen lagunduz. Horretaz gain, familiak lagundu egin behar dio haurrari bere buruarekin konfiantza izan dezan eta beste arlo batzuetan dituen dohainak erabil ditzan: kiroletan, zaletasunetan, jarduera artistikoetan, etab. Hainbat artista, atleta, zientzialari, ekintzaile, mediku, abokatu etab. dago arrakasta izan dutenak, nahiz eta irakurketarako arazoak izan.