Wikipedia, Entziklopedia askea
Eguzki-orbanak eklipse batean.

Eguzki-orbanak Eguzkiaren azalean agertzen diren eremu edo zati ilunak dira. Egia esan, euren distira oso handia da, baina ilun agertzen dira Eguzkiaren gainazaleko beste zatiak baino hotzagoak direlako. Eguzkiaren gainazaleko tenperatura 5.500 gradu zentigradukoa da (°C); eguzki-orbanek, aldiz, tenperatura txikiagoa dute, baina oso altua, hala ere: 3.600 °C inguru.

Tenperatura baxuago hori Eguzkiaren eremu magnetikoen indarrak eragiten du. Eremu magnetiko horiek hain indartsuak dira leku batzuetan, Eguzkiaren barruko beroaren zati bat azalera iristea eragozten dute.

Eguzki-orbanak ez dira iraunkorrak eta astiro mugitu daitezke Eguzkiaren gainazalean zehar; gainera, mugitzen diren neurrian, tamainaz aldatzen dira. Eguzki-orbanen tamaina 16.000 kilometrotik 160.000 kilometrora bitartekoa da. Horietako batzuk Lurra baino handiagoak dira.

Eguzki-orbanen agerpenak hamaika urteko eguzki-zikloa jarraitzen du. Hamaika urtetik behin, eguzki-orbanen jarduera handiagoa izaten da; hau da, eguzki-orbanen kopuruak gora egiten du 11 urtez, eta, geroago, behera egiten du beste 11 urtez. Bestela esanda, eguzki-orbanen zikloa, guztira, 22 urtekoa da.

Historia apur bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela ia 2.000 urte, antzinako astronomo txinatarrak izan ziren eguzki-orbanak ikus zitzaketela idatziz jaso zuten lehenak. Europan, Adelmus izeneko fraide ingeles batek, eguzki-orban handi bat zortzi egunez ikusi ahal izan zuela esan zuen; Adelmusek pentsatu zuen Merkurio Eguzkiaren aurretik pasatu zela eta orban beltz bat eratzen zuela.

Beranduago, astronomoak teleskopioak erabiltzen hasi zirenean, gehienak ados zeuden zerbait Eguzkiaren aurretik pasatzen zela orbanak agertzen zirenean. Galileo Galileik, aldiz, 1612an, Eguzkiaren azalean benetako orbanak zeudela asmatu zuen eta horrek Eguzkia biraka ari zela erakusten zuen.

Eguzki-orbanen lehen aldaketa ziklikoak Heinrich Schwabe-k ikusi zituen 1848tik aurrera. 1848an ere, Joseph Henryk Eguzkiaren irudi bat erakutsi zuen eta eguzki-orbanak gainontzeko Eguzkia baino hotzagoak zirela ziurtatu zuen.

Eraginik badute Lurrean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzki-orbanak gainerako Eguzkia baino hotzagoak dira, baina zientzialari askok uste dute eguzki-orban asko daudenean Eguzkia gehiago berotzen dela. Horrek Lurreko klimari eragiten dio, baita irrati harrerari ere.

Eguzki-orbanik gabe, Lurra hotzagoa izango litzateke. Era berean, eguzki-orban gehiegi baleude, Lurra asko berotuko litzateke eta euri gutxiago egingo luke. Horrek lehorte gehiago eragingo lituzke Lurrean. Eguzki-orbanek Lurreko tenperatura egokia mantentzen laguntzen dute. Zientzialariek eguzki-orbanak eta beste eguzki-fenomeno batzuk aztertzen dituzte Lurrean zernolako eragina duten jakiteko.