Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikipedia:Eguzki» orritik birbideratua)

Eguzkia

Eguzki-sistemaren errepresentazioa. Planeta eta distantzien neurriak ez daude eskalan.

Eguzkia eguzki-sistemaren erdian dagoen izarra da, Lurretik hurbilen dagoena. Izar bat denez, berez sortzen du argia. Eguzki-sistema osatzen duten zortzi planetak, lurra barne, haren biran mugitzen dira, baita asteroide, meteorito, kometa eta beste hainbat objektu ere. Lurrean bizia egon ahal izateko behar den energia iturri nagusia da.

Eguzkia eta eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxian daude, haren erditik 25.000 - 28.000 argi-urteko distantziara. 1.392.000 kilometroko diametroa du (Lurrarena baino 109 aldiz handiagoa).

Denbora luzez, Eguzkia su-bola erraldoi bat zela pentsatu zen, baina gaur egun badakigu gas beroz osatuta dagoela. Gas horiek hidrogenoa (%74) eta helioa (%25) dira. Eguzkiak askatzen duen energia (argi eta bero gisa jasotzen duguna) hidrogenoa helio bihurtzen denean sortzen da, fusio nuklear izena duen prozesu batean. Prozesu horretan, 4,25 milioi tona hidrogeno kontsumitzen dira segundoero. Haren tenperatura 5 500° Celsius-ekoa da gainazalean, baina 14 milioikoa haren erdigunean.

   Ba al dakizu   
Letra larriz ala xehez?
Gure izarraren izena hizki edo letra larriz (maiuskulaz) idatzi behar da: Lurrak Eguzkiaren inguruan jira egiten du. Aldiz, zentzu orokorra duenean edo pluralean erabiltzen denean, edo beste sistema batzuetako izarrei buruz ari garenean, hizki xehez idatzi behar da: Ordu asko igaro ditut eguzkitan edo Unibertsoan milaka eguzki daude.

Eguzkiak bidaltzen digun energiak ia zortzi minutu behar izaten du, argiaren abiaduran, Lurrera iristeko, hau da, eguzkiaren eta Lurraren artean dauden 149 milioi kilometroak egiteko.

Eguzkiari esker posible izan da bizia Lurrean. Landareak, fotosintesiaren bidez, eguzki-energia baliatzen dute energia kimiko bihurtzeko; energia kimiko horrek azukreak egiteko balio du, eta, horrela, landare eta alga berdeen molekula guztiak sortzeko. Animalia belarjale eta orojaleek landareak jan eta hortik lortzen dute behar duten energia.

Gaur egun, eguzki-panelen bitartez eguzkitik iristen zaigun energiatik argindarra edo elektrizitatea atera dezakegu. Energia berriztagarria da, gas kutsagarririk sortzen ez duena.

Eguzkiak garrantzi handia izan du antzinako hainbat kultura eta erlijiotan, bizi-iturria izanda jainkotzat hartzeraino.

Eguzkiaren egitura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkiaren egiturari begiratzen badiogu, hainbat geruza bereiz daitezke:

Eguzkiaren geruza desberdinak.
  • Nukleoa: Eguzkiaren erdigunea da, non tenperatura altuaren ondorioz fusio nuklearra gertatzen den; hau da, Eguzkiaren energia bertan sortzen da. Nukleoan, hidrogenoa helio bihurtzen da. Nukleoaren tenperatura 15 milioi gradu ingurukoa da.
  • Zona erradiatiboa: Nukleoa inguratzen duen gunea da, non energia erradiazio bidez transmititzen den (fotoiak modu jarraituan xurgatzen eta igortzen dira). Gutxi gorabehera, eguzkiaren tamainaren % 70 okupatzen du. Nukleoan sortutako nergia garraiatzen duten partikulak (fotoiak) kanporantz mugitzen dira, baina ehundaka mila urte behar izaten dituzte horretarako.
  • Zona konbektiboa: Zona erradiatiboa inguratzen duen geruza. Konbekzioa deitzen den fenomenoa gertatzen da eremu honetan, hau da, gas beroko zutabeak gainazaleraino igotzen dira, hoztu egiten dira eta berriro jaisten dira.
  • Fotosfera: Eguzkiaren gainazal edo azaleko geruza da, Lurretik ikusten duguna; geruza mehea da, 300 km ingurukoa. Fotosferatik igortzen ditu Eguzkiak argia eta beroa; horregatik, tenperatura baxuagoa izaten da bertan, 5.000 °C ingurukoa. Fotosferan, orban ilunak agertzen dira batzuetan, tenperatura baxuagoa duten eremu batzuk konbekzioaren ondorioz azaleratzen direnean.
  • Atmosfera: Eguzkiaren inguruan dagoen halo gaseosoa da. Eguzki-eklipse batean ikusten den eremua da. Bertan, beste atal batzuk bereizten dira:
    • Kromosfera: Fotosferaren gainetik dagoen atmosferaren geruza (izenak "kolore esfera" esan nahi du). Eguzki eklipse osoetan, eraztun gorrixka fin bat bezala ikusten da Eguzki-ertzaren inguruan.
    • Koroa: Atmosferaren kanpoko geruza da, zilar koloreko halo bat bezala agertzen dena. Mehea eta argitasun gutxikoa da, eta fotosferaren argia blokeatuta dagoenean bakarrik ikus daiteke, eguzki-eklipse oso batean edo teleskopio mota berezi batekin.

Eguzkiaren adina

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguzkia duela 4.500 milioi urte sortu zen. Nola dakigu hori? Bada, kontuan izan behar da Eguzki-sistema osoak adin berbera duela, dena garai berean sortu zelako. Orduan, Ilargiko arrokek laguntzen digute jakiten zenbat urte dituen Eguzki-sistemak, Ilargia sortu zenetik oso gutxi aldatu delako haren gainazala. Astronautek hainbat harri ekarri dituzte gure satelitetik, eta zientzialariek aztertu dituztenean jakin ahal izan dute zein den haien "adina".

Bestalde, zientzialariek uste dute Eguzkia bere biziaren erdian dagoela. Izan ere, gure Eguzkia bezalako izarrek, gutxi gora-behera, bederatzi edo hamar mila milioi urte irauten dute. Beraz, ez dugu gehiagi kezkatu behar: oraindik beste 5.000 milioi urte geratzen zaizkio Eguzkiari.

Denbora hori igarotzen denean, Eguzkia erraldoi gorri bat bihurtuko da. Horrek esan nahi du Eguzkia handiagoa eta hotzagoa izango dela. Hori gertatzen denean, ez da izango gaur ezagutzen dugun eguzki hori distiratsua. Ilunagoa izango da eta gorria.