Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Atenasko Erekteion tenplua

Erekteion delakoa Atenasko Akropolian dagoen antzinako tenplu bat da. Erekteion Akropolian kontserbatu diren antzinako lau eraikinetako bat da. Besteak Partenoia, Propileoa eta Nikeren tenplua dira. Erekteion Atena jainkosari eskainita zegoen, baina beste hainbat jainko ere gurtzen ziren, adibidez Poseidon eta Hefesto. Tenpluak Erekteo errege atenastarraren omenez darama izena. Atenastarrek Erekteo erregea Poseidon jainkoarekin parekatzen zuten.

Eraikuntza eta kokapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erekteion Akropoliaren iparraldeko hegalean dago, mendixkaren zati lauan egon beharrean. Hala, mendebaldeko aldea ekialdeko aldea baino hiru metro beherago dago. Sarrera nagusia ekialdean dago, eta joniar ordenako sei zutabe dituen ate bat dauka. Erekteionek hiru zati ditu:

  • Eraikin nagusia: 23 metroko zabalera eta 11 metroko luzera dauka. Eraikin honek bi aldare zituen: bat Atenarentzat, eta bestea Poseidon eta Erekteorentzat. Lau gelatan zegoen banatuta.
  • Iparraldeko gela: iparraldeko gelaren bidez liburutegi batera eta Atenaren olibondo sakratura irits zitekeen.
  • Hegoaldeko gela, edo kariatideak: hegoaldeko gela oso famatua da, bertan dauden kariatide izeneko zutabeengatik. Kariatideak emakume-forma zeukaten sei zutabe ziren. 1800. urte aldean, Lord Elginek kariatide bat Erresuma Batura eraman zuen. Gaur egun beste bost zutabeak Akropoliko Museoan daude, Atenasko airearen kutsadurak ez kaltetzeko. Gaur egun Erekteionen dauden kariatideak kopiak dira; jatorrizkoak Akropoliko Museoan daude.
Kariatideak. Hauek kopiak dira, orijinalak Akropoliko Museoan daude.

Periklesen garaian, Akropolia berreraiki zenean, Erekteion izan zen egindako azken eraikina. K.a. 421. urtean eraikitzen hasi zen, eta Partenoia amaituta zegoen jadanik. Arkitektoa Mnesikles izan zen ziurrenik. Peloponesoko Gerraren ondorioz, eraikuntza-lanak bertan behera utzi ziren. K.a. 406. urtean amaitu ziren Filokles arkitektoak zuzenduta. Hala ere, hamar urte geroago sute bat egon zen eta tenplua zaharberritu behar izan zen. K.a. I. mendean, gainera, erromatarren ejertzitoek tenplua kaltetu zuten. Orduan Erekteion ere zaharberritu zen.

K.o. VI. mendean, Erekteion tenplua Mariari eskainitako eliza bihurtu zen. Hala izaten jarraitu zuen, gurutzatuek jauregi bihurtu zuten arte. Geroago, Otomandar Inperioaren garaian, gobernadore turkiarrak bere emazteentzako jauregi bihurtu zuen. Aldaketa horiek guztiek Erekteionen jatorrizko itxura kaltetu zuten. Baina kalterik handiena 1800. urtearen ondoren gertatu zen, Lord Elginek tenpluaren hainbat zati Erresuma Batura eraman zituenean. Horrekin batera, tenpluak bonbardaketa bat jasan zuen Greziako Independentzia Gerran. Greziak independentzia lortu ondoren, tenplua zaharberritu egin zen. Kariatideak orduan eraman zituzten Akropoliko Museora, Atenasko atmosferaren kutsadurak ez kaltetzeko.