Wikipedia, Entziklopedia askea
Eris planeta nanoa, espazioko beste astro batzuekin

Eris Eguzki-sistemako planeta nano bat da; hau da, eguzkia orbitatzen duen eta forma ia esferikoa duen astro bat da, planeta bat bezalakoa, baina planetak baino txikiagoa.

2005ean aurkitu zuten, Estatu Batuetako Kalifornian dagoen Palomar behatokitik egindako argazkietan ikusita. Aurkitzaileak Michael E. Brown, Chad Trujillo eta David Rabinowitz astronomoak izan ziren. Kuiper gerrikoko objektu berriari 2003 UB313 behin-behineko izena jarri zioten, eta "hamargarren planeta" deitu zioten. 2006an jarri zioten izen ofiziala, Eris. Eris, antzinako greziar mitologian, liskarraren eta desadostasunaren jainkosa da.

Non dago?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eris planeta nanoa Kuiper gerrikoa izena duen espazioko zati batean dago, Neptuno baino urrunago. Orbita eliptikoa du, eta orbitaren puntu urrunenean ia Neptuno baino hiru aldiz urrutiago dago Eguzkitik, 98 UAtara gutxi gorabehera (UA edo unitate astronomiko bat Lurraren eta Eguzkiaren artean dagoen batez besteko distantzia da). Orbitaren puntu hurbilekoenean, Eguzkitik 38 UAtara dago, gutxi gorabehera.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erisek jakin-mina pizten du, bere tamaina eta osaera direla eta. Bere diametroa Plutonena (beste planeta nano bat) baino pixka bat txikiagoa da, baina hala ere ikusteko moduko bezain handia da. 2.300 kilometro inguruko diametroa du. Gainera, bere masa Plutonena baino %27 handiagoa da. Erisen lurrazala metano eta nitrogeno izoztuz estalia dago, horregatik da distiratsua.

Erisek ilargi bat ere badu, Disnomia izenekoa, bera baino askoz txikiagoa dena. Disnomia, legearen eta justiziaren jainkosa, Erisen alaba da greziar mitologian. Ilargi honek 16 bat egun lurtar behar izaten ditu bere orbita osoa egiteko.

Eris eta Disnomia

Zientzialarien arteko eztabaida[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eris aurkitzeak eztabaida bizia sortu zuen: Eguzki-sisteman planeta bat zer den eta zer ez den. Eris gutxi gorabehera Plutonen neurri berekoa denez, zientzialari batzuek esaten zuten Eris ere Eguzki-sistemako planeta nagusietako bat zela. Hala ere, Neptunotik haratagoko objektuak zirela eta (Eris, Pluton eta beste batzuk), Nazioarteko Astronomia Elkarteak ofizialki aldatu zituen planeta bat izateko baldintzak 2006an. Aldaketa honek Pluton eta Neptuno baino urrunagoko beste hainbat objektu planeten zerrendatik kanpo utzi zituen, "planeta nano"-en kategorian. Dena den, desadostasunak eta iritzi desberdinak daude oraindik erabaki honen inguruan astronomoen eta espaziozaleen artean.