Wikipedia, Entziklopedia askea

Mitologia

Greziar mitologiako irudi bat.

Mitologia gizarte batek dituen mitoen edo kontakizun tradizionalen multzoa da. Mitoetan aspaldiko kontakizunetako gertaera eta pertsonaia bereziak agertzen dira; pertsonaiek askotan gizaki itxura dute, baina ezohiko dohainak edo ahalmenak dauzkate.

Mitoetako askok antzinatean dute jatorria, eta munduaren sorrera edo gauza jakin batzuen zergatia azaltzen duten istorioak kontatzen dituzte. Gaur egun, mito hitza egia ez den zerbait izendatzeko erabiltzen da, baina mitoa ez da soilik istorio asmatu bat; mitoak heroiei eta gertakizunei buruzko istorioak dira eta une jakin batean pertsona edo talde batek egiazkoak zirela uste izan du. Kultura bateko mitoak askotan erlijioari oso lotuta daude.

Nola sortzen dira mitoak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orain dela milaka urte ez zegoen bizitza ulertzen laguntzen zuen zientziarik. Jendeak ez zekien zergatik irteten zen eguzkia egunero, edo urtaroak zergatik aldatzen ziren. Jendeak gaixotasunak, heriotza eta natura-hondamendiak ikusten zituen, baina ez zuen zergatia ulertzen.

Hortaz, istorioak eta sinesmenak asmatzen ziren mundua azaltzearren. Orokorrean, kontakizun horiek ez ziren idatziz jasotzen, antzinako kulturek ez zutelako oraindik idazkera ezagutzen; hortaz, ahoz transmititzen ziren, hau da, belaunaldiz belaunaldi kontatzen ziren, ipuinen antzera, baina haietan sineste osoa edukiz. Istorioak entzuterakoan, jendeak egiatzat jotzen zituen, eta, horrela, mitoak sinesmen bihurtu ziren.

Mito motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komunitate bakoitzak azalpenak modu batera ematen zituenez, mitoak kultura batetik bestera aldatzen dira. Hala ere, guztiek oinarrizko galderei erantzuten saiatzen dira: nola sortu zen mundua? Nola sortu zen bizitza? Zergatik dago gaiztakeria? 

Mitoek modu askotara azaltzen dute Lurraren jatorria. Kultura askotan, uste da jainko ahalguztidun batek sortu zuela mundua. Beste kultura batzuek Egipto eta Japoniako zibilizazioek, adibidez) gizakiak eguzki-jainko baten ondorengoak garela uste zuten.

Gizakien jatorria azaltzeko, Indiako istorio batek Izakia izeneko jainko moduko baten istorioa kontatzen zuen. Bakarrik sentitu zenean, bi zatitan banatu zen eta emakumea eta gizona sortu zituen; ondoren, seme-alabek giza arrazari hasiera eman zioten. Sumertarrek (Ekialde Hurbileko herri batek) lehenengo gizakiak buztinezkoak zirela uste zuten. Mito horren arabera, ur-jainkoak bere amari eskatu zion buztina pertsona itxurako zatietan moldatzea.

Kultura askok gaiztakeriaren zergatia azaltzeko mitoak dituzte. Adibidez, Antzinako Greziako mito batek Pandoraren (Lurreko lehen emakumearen) istorioa kontatzen du. Pandorak kutxa bat ireki zuen eta gaiztakeria zabaldu zuen mundu osoan.

Beste mito batzuek animalia, landare eta naturako gertakarien zergatia azaltzen dute, eta beste asko, berriz, jainkoei buruzkoak dira. Haien jaiotzari, botere bereziei edo etsai eta munstroen aurka irabazitako borrokei buruzko kontakizunak dira, baina baita adimen edo indar harrigarriko heroiei buruzkoak ere. Adibidez, antzinako mito greziar batek dioenez, Herakles izeneko soldadu ausart batek ia ezinezkoak ziren 12 lan handi egitea lortu zuen. Txinatar mitologian, Yü izeneko heroiak Txina salbatu zuela esaten da, uholde izugarri baten ondoren Lurra lehortu zuelako.

Euskal Herrian ere badugu mitologiarik: euskal mitologia, hain zuzen ere. Bertakoak ditugu, adibidez, Mari jainkosa, Tartalo, eta beste hainbat mito.

Hemendik kanpo ere badira beste mitologia batzuk, gure kulturan garrantzi handia dutenak; besteak beste, erromatar mitologia eta greziar mitologia.