Wikipedia, Entziklopedia askea

Errolan

Eduki-taula

Errolanen heriotza.

Errolan Erdi Aroko heroi frantses bat izan zen. Hari buruz kontatzen ziren istorio ugariak olerki epiko handi batean biltzen joan ziren, Errolanen kantuan, hain zuzen ere. Obra hori epopeia frantsesik zaharrena da, 1100 ingurukoa. Olerkiak dioenez, Karlomagno errege frankoa Espainiako sarrazenoen aurka borrokatzen ari zenean, bere herrialdean zeuden arazoengatik buelta egin behar izan zuen. Errolan eta talde txiki bat utzi zituen armadaren atzealdea babesteko eta Orreagako igarobidea mantentzeko.

Poemaren arabera, 400.000 pertsonako armada sarrazenoak eraso zien soldadu frankoei. Errolan guduaren frontean borrokatu zen Durandal ezpatarekin; baina heroi frankoak ezin izan zituen etsaiak garaitu. Azkenean, Oliver lagunak gerra-adarra joz Karlomagnori laguntza eskatzera bultzatu zuen Errolan.

Adarra Karlomagnok eman zion Errolani. Zaldun guztien artean, bakarrik Errolanek jo zezakeen. Adarrak soinua ateratzen zuenean, txoriak zuhaitzetatik jausten omen ziren, zorua dardarka hasten omen zen, tximiniak etxeetatik erortzen omen ziren eta jendea belarriko minarekin garrasika hasten omen zen.

   Ba al dakizu   
Euskarazko erraldoi hitza Errolan izenetik dator; seguruenik, Erroldanen kantuko protagonistak herri-oroimenean utzitako oihartzunagatik.

Hiltzeko arriskuan zegoenean bakarrik jotzen zuen adar hura Errolanek, eta une hartara arte ez zuen jo nahi izan. Zaldun frankoak banan-banan erortzen zihoazen; laster, gutxi batzuk besterik ez ziren geratu bizirik. Errolanek orduan jo zuen bere adarra. Karlomagno laguntzera joan zen, baina berandu zen. Gudaloste txikia suntsituta zegoen eta Errolan hilzorian etzanda.

Gaur egun badakigu historiak nolabaiteko oinarria baduela. 778an, Karlomagno sarrazenoen aurka zebilen borrokan Espainian, Rhin ibaiaren inguruko istilu batek etxera itzultzera behartu zuenean. Atzeguardia bat utzi zuen Orreagan, eta armada Pirinioetan bizi ziren euskaldunek suntsitu zuten, ez sarrazenoek. Hildakoen artean, Hruodland kondea zegoen. Denborarekin, Hruodland izen frankoa poemako Errolan bihurtu zen.