Esne Bidea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Esne Bidea honela ikusiko genuke, kanpotik ikusterik izango bagenu. Hori egin ahal izateko, ikaragarri urrutiraino iritsi beharko genuke, baina gaur egun hori erabat ezinezkoa da.

Esne Bidea galaxia bat da, bere barruan gure Lurra duena, zehazki. Milaka milioi izar daude Esne Bidean. Gauez, zenbait lekutan eta zerua garbi-garbi dagoenean, posible izaten da Esne Bidearen zati bat ikustea: izar-zerrenda distiratsu bat dirudi, eta horregatik deitu zaio "Esne Bidea", kolore zuriko bide moduko bat dirudielako. Euskaraz, Santiago Bidea ere deitu izan zaio, Santiago de Compostela edo Compostelako Donejakuera zihoazen erromesak Esne Bideaz baliatzen zirelako gauez orientatzeko.

Galileo Galilei izeneko astronomo eta zientzialaria konturatu zen, XVII. mendean, Esne Bidea milaka eta milaka izarrez osatuta zegoela. Gaur egungo zientzialarien ustez, 100 eta 300 mila milioi bitarte izar daude gure galaxian.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Vikingoek uste zuten Esne Bideak Valhallara eramaten zuela, hildakoen arimen helburura. Zeltek, berriz, maitagarrien erreginaren gaztelura gidatzen zuela. Erdiko Amerikako kultura indiar batzuek, azkenik, uste zuten Mixcoatl (hodei-sugea) izeneko jainko bat zela.
.

Izar horietako gehienak oso urrun daude eta argi gutxi ematen dute; horregatik zaila izaten da izarrak direla ikustea, eta ikusten dena halako zuritasuna da. Izar horiek denak (haien artean, gure eguzkia), eta haien inguruan jiraka ibiltzen diren planetak, den-denak biraka ibiltzen dira Esne Bidearen erdigunearen inguruan, disko zapal batean egongo balira bezala. Gure eguzki-sistema disko horren erdigunetik urrun dagoenez, urrutiko izarrak zerrenda estu batean pilatuta bezala ikusten ditugu.