Wikipedia, Entziklopedia askea
Iberiar katamotza, espezie babestua Espainian.

Espezie babestua legez babestuta dagoen animalia edo landare espeziea da; babes horrek debekatu egiten du espezie hori ehizatzea, edukitzea, harrapatzea, saltzea edo kaltetzea.

Babes hori eskualde edo nazio mailako gobernuek eman ohi dute gobernuek erabakitako legeen bidez, edota herrialde edo nazio horiek sinatu dituzten nazioarteko hitzarmen edo itunen bidez.

Nahiz eta espezie babestuek babes maila handiena duten, baldintza zehatzak asko aldatzen dira gobernu batetik bestera, eta baita lege horiek ez betetzeagatik jaso daitezkeen zigorrak ere: isun batetik hasita kartzela-zigorrera.

Zergatik babesten dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arrazoi asko daude espezie batzuei babes legal berezia eta zorrotza emateko, baina arrazoi garrantzitsuena biodibertsitatearen galera izan daiteke.

Espezie baten desagerpena gertakari larria da eta aurreikusi ezin diren ondorio kaltegarriak izan ditzake. Adibidez, landare-espezie bat desagertzen bada, landare hori jaten duten animalia-espezieak ere desagertzeko arriskuak egongo dira.

Ondorio-katea ez da hor bukatzen: ekosistema baten kate trofiko guztira zabaltzen da eta ondorio oso larriak eragin ditzake.

Ondorio kaltegarri horren adibide bat Txinako banbu-basoen suntsipenean ikusi daiteke; baso horiek gutxitu direnean, panda hartzen populazioa jaitsi egin da, ez dutelako ia banburik jateko. Arrazoi horregatik, gaur egun pandak galzoriko espezie bat dira, hau da, desagertzeko zorian daude.

Panda hartza espezie babestu deklaratu izanari esker, hartz hauen populazioa pixkanaka handitzen ari dela dirudi. Panda hartzen kasua oso sinbolikoa da, eta, horregatik, 1961ean WWF (Munduko Natura Funtsa) erakundearen logotipoa bilakatu zen.

Espezie babestu gehienak espezie mehatxatuak, desagertzeko zorian daudenak edo espezie autoktonoak dira (hau da, leku jakin bakar batean bizi direnak). Espeziez gainera, bizi diren lekuak ere babesten dira, haien habitat horiek ahalik eta gizakien eragin kaltegarririk txikiena izan dezaten.

Orokorrena, espezie babestuak ehizatu eta edukitzea debekatuta egoten da, bai eta haiek salerostea ere babestutako habitat barruan eta kanpoan. Kasu oso berezietan bakarrik baimentzen da espezie babestuak harrapatzea, normalean ikerketa zientifikoak egiteko edo espezie horien populazioaren eboluzioa kontrolatzeko.

Espezie babestu batzuen adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iberiar penintsulako espezie babestuetako batzuk hauek dira: