Wikipedia, Entziklopedia askea
Goǃazen 6.0ko pertsonaiak.

Fikziozko pertsonaia bat izaki erreal edo fantastiko bat da, fikziozko istorio baten parte dena eta ezaugarri jakin batzuk dituena.

Hainbat pertsonaia-mota daude ipuin, eleberri edo edonolako narrazio-lanetan. Haien sailkapena hainbat irizpideren arabera aldatzen da: parte-hartze maila, autoreak emandako ezaugarri psikologikoak, istorioan zehar izandako garapena...

Pertsonaia-motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parte-hartzearen arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haien parte-hartzearen garrantziaren arabera, pertsonaiak mota hauetakoak izan daitezke:

  • Pertsonaia nagusiak: Istorioko gertakizunetan parte-hartze zuzena daukate. Protagonistak istorioan kontatutako gertakizunetan gehien parte hartzen duten pertsonaiak dira.
  • Bigarren mailako pertsonaiak: Pertsonaia nagusiari hainbat ekintza egiten laguntzen diote. Haien erabaki propioak har ditzakete ere bai, pertsonaia nagusiarentzat garrantzitsuak izango direnak.
  • Hirugarren mailako pertsonaiak: Noizean behin azaltzen dira istorioan, edo momentu zehatz batean azaltzen dira, baina ez dute eragin nabarmenik istorioaren garapenean. Horregatik normalean pertsonaia lauak izan ohi dira, gutxi garatuak, alegia.


Rolaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi pertsonaia mota daude, istorioan daukaten rolaren arabera:

  • Protagonistak: Istorioarentzat ezinbestekoak dira, gertakizun guztiak haien inguruan gertatzen baitira. Autoreak istoriotik kentzea erabakiko balu, ez luke zentzurik izango, beste pertsonaiek ezin izango lioketelako istorioari eutsi.
  • Antagonistak: Protagonistaren aurkako ideiak edo balioak dituzten pertsonaiak dira. Haien rol nagusia protagonistak kontakizunaren barruan daukan helburua ez betetzea da.


Karakterizazioaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi pertsonaia-mota daude, autoreak pertsonaien ezaugarri psikologikoak deskribatzean erabiltzen duen konplexutasun eta xehetasunaren arabera:

  • Pertsonaia lauak: Haien ezaugarri psikologikoak azaletik deskribatzen dira bakarrik, normalean bigarren edo hirugarren mailako pertsonaiak direlako.
  • Pertsonaia biribilak: Konplexutasun psikologiko handiagoa dute. Pertsonalitatea, motibazioak, zalantzak eta itxaropenak dituzte. Haien iragana modu esplizituan edo inplizituan ere azaldu daiteke, autorearen nahiaren arabera.


Garapenaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pertsonaiak bi motatakoak izan daitezke, haien ideiak, balioak edo ezaugarri psikologikoak aldatzen diren ala ez:

  • Pertsonaia estatikoak: Ez dute aldaketa nabarmenik izaten, batez ere ezaugarri psikologikoetan. Haien ideiek edo usteek berdinak izaten jarraitzen dute istorioan zehar.
  • Pertsonaia dinamikoak: Haien ezaugarri psikologikoak nabarmenki aldatzen dira istorioak aurrera egin ahala. Aldaketa hori positiboa izan daiteke (gaizkile bat on bihurtzea, adibidez), edo negatiboa (heroi bat antiheroi bihurtzea porrot handi baten ondoren, adibidez).


Itxuraren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irudikatzen dituzten balioen edo ezaugarrien arabera, pertsonaiak bi motatakoak izan daitezke:

  • Arketipoak: Pertsonaia hauek gizakiengan berezkoak diren ezaugarri, balio, kualitate edo ideiak irudikatzen dituzte. Adibidez edertasuna, maitasuna, ontasuna, maltzurkeria, zuhurkeria, gerra, erotasuna...
  • Estereotipoak: Ezaugarri psikologiko edo fisiko topikoak dituzte, hala nola agure samindua, heroi ona, agintari ustela, ume bihurria...


Pertsonaien ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testu batean dauden pertsonaia-moten arabera, pertsonaia horiek ezaugarri jakin batzuk izango dituzte. Hala ere, pertsonaia guztiek hainbat ezaugarri partekatzen dituzte:

  • Historia bat daukate: Pertsonaia guztiek historia pertsonala dute, bai eta istorioan egoteko arrazoi bat ere. Bigarren eta hirugarren mailako pertsonaiek ere, kontakizunean eragin handia ez dutela badirudi ere, arrazoi propioak izan ditzakete haien ekintzak egiteko.
  • Helburu bat daukate: Pertsonaiek ekintza jakin batzuk egin behar dituzte: protagonistak bere misioa bete behar du, eta bigarren mailako pertsonaiak protagonistari laguntzen edo eragozten saiatzen dira.
  • Ezaugarri fisiko eta psikologikoak dituzte: Pertsonaien deskribapena luzeagoa eta konplexuagoa izan ohi da, haien garrantziaren arabera.
  • Hitz egiteko modu propioa dute: Mundu errealean, goi-mailako ikasketak egin dituen pertsona batek eta ikasketa gutxi dituen pertsona batek ez dute modu berean hitz egiten. Era berean, autore onek pertsonaia bakoitzak tonu eta hizkera propioa izatea bilatzen dute, pertsonaia horien baldintza eta ezaugarriekin bat datozenak. Bestela istorioa ez litzateke sinesgarria izango.