Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Galaxia

Eduki-taula

Galaxia batera hurbiltzen.

Galaxiak milioika eta milioika izarrez, gasez eta hautsez beteriko multzoak dira, unibertsoan daudenak eta erdigune baten inguruan biratzen dutenak. Galaxiak konta ezin ahalekoak dira; ehunka mila milioi galaxia daude, eta ikaragarri handiak dira: horietako bakoitza milioika izarrez eta bestelako astroz osatuta dago. Galaxien erdigunean biltzen dira izar gehien.

Uste da lehen galaxiak (edo protogalaxiak) Big Bang eztandatik 600 - 1.000 milioi urte bitartean sortzen hasi zirela. Leherketa Handiak partikulen artean eragindako grabitate erakarpena dute jatorri.

Galaxia bateko gorputz bakoitza gainerako gorputzen erakarpenaren ondorioz mugitzen da. Oro har, gainera, bada mugimendu zabalago bat, galaxia osoa birarazten duena erdigunearen inguruan.

Galaxietan, gasez osatutako eskualdeak daude izarren artean. Eskualde horiek garrantzi kosmologiko handia dute, izarren jaiotza guneak direlako, materiaren kondentsazio eta agregazio fenomenoengatik (nahiz eta beste batzuetan hil den izar baten hondarrak izan).

Galaxia motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat eratako galaxiak daude:

  • Kiribilak: erdigune bat izaten dute, eta betatik kiribil itxurako besoak ateratzen dira. Unibertsoko ugarienak dira.
  • Eliptikoak: elipse forma dute, besorik gabe. Hauek ere oso ugariak dira, baina ez kiribilak bezainbeste.
  • Barradunak: galaxia kiribilak dira, baina zilindro edo barra itxurako erdigunea dute.
  • Lentikularrak: galaxia eliptiko eta kiribilen bitarteko forma dute; disko edo dilista baten antzekoak dira.
  • Irregularrak: ez dute forma edo egitura zehatzik.

Lur planeta eta eguzki-sistema Esne Bidea izeneko galaxia batean daude. Galaxia kiribila da, 100.000 argi-urteko diametroa du eta 200 bilioi izar dituela uste da. Gure eguzki-sistema Esne Bidearen beso batean dago, Orionen besoa delakoan.