Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Gobernuaren egoitza.

Gobernu bat herrialde bat edo estatu bat zuzentzeko boterea duen pertsona talde batek osatutako erakunde bat da.  Gobernuek herrialde bateko herritar guztientzat garrantzitsuak diren erabakiak hartzen dituzte: demokrazian, gobernuak legeak proposatzen dizkio parlamentuari, lege horiek onartu edo atzera bota ditzan; parlamentuak onartu ondoren, gobernua lege horiek indarrean jartzeaz eta aplikarazteaz arduratzen da. Horregatik, gobernuei «botere betearazle» deitzen zaie, legeak egin edo martxan jartzen dituzten erakundeak direlako. Herrialde ez-demokratikoetan, orokorrean, gobernua izaten da legeak onartu eta indarrean jartzen dituena, beste inolako erakunderen onarpenik behar gabe.

Bestalde, estatuek justizia-auzitegiak ere badituzte parlamentuek eta gobernuek erabakitako legeak betearazteko. Justizia «botere judizial» izeneko boterea da, eta estatuko hirugarrena da, botere betearazlearekin (gobernua) eta legegilearekin (parlamentua) batera.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia.

Gobernuek, gainera, beste hainbat eginkizun garrantzitsu dituzte; adibidez, herrialdeko biztanleei zerbitzuak eskaintzen dizkiete (osasun zerbitzuak, hezkuntza, komunikazioa eta garraioa, segurtasuna, justizia, etab.); zerbitzu horien truke, herritarrek «zerga» izeneko diru kopuruak ordaintzen dituzte. Gainera, legeak errespetatu behar dituzte.

Gobernuek gobernuburuak dituzte: herrialde batzuetan, «gobernuko presidente» (Espainia), «kantziler» (Alemania, Austria), «lehen ministro» (Erresuma Batua, Frantzia) edo «ministroen kontseiluko presidente» (Italia) deitzen zaie. Gainera, gobernua osatzen duten beste pertsona batzuk ministroak eta estatu-idazkariak dira.  Erregimen presidentziala duten herrialde batzuetan, estatuburua gobernuburua ere bada (Estatu Batuetan, adibidez).

Euskal Herrian, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuari Eusko Jaurlaritza deitzen zaio; Nafarroako Foru Komunitatean, berriz, Nafarroako Gobernua deitzen zaio, eta, bi kasuetan, «lehendakari» deitzen zaie gobernu horietako presidenteei.

Gobernu guztiek erakundeak eta prozedurak dituzte gobernuko funtzioak aurrera eramateko. Herrialde askok «konstituzio» izeneko dokumentuak dituzte non herrialde baten eta bere gobernu sistemaren funtzionamenduak arautzen diren, eta herritarren eskubideak eta betebeharrak azaltzen diren.

Nola osatzen dira gobernuak?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mundu modernoan hainbat gobernu mota daude, gobernuburuak hautatuak diren moduaren arabera; ohikoenak honako hauek dira:

  • Demokrazia: agintariak herritarrek egindako hautaketa baten ondoren izendatzen dira.
  • Diktadura: diktadoreak agintariak inposatzen ditu.
  • Monarkia absolutua: erregeak edo erreginak botere guztiak izanik, agintariak inposatzen ditu.

Herrialde demokratikoetan, hauteskundeak antolatzen dira herritarrek gobernuko erakundeetako ordezkariak aukeratzeko. Egia esan, herritarrek parlamentua osatuko duten kideak aukeratzen dituzte; hau da, legeak onartzeko boterea duen erakundea («botere legegile» izenekoa). Gero, parlamentua da gobernuko presidentea aukeratzen duena, eta presidente horrek aukeratzen ditu berarekin batera gobernua osatuko duten pertsonak; horretarako, gobernuko presidenteak ordezkari hautatu gehienen konfiantza eduki behar du, bere gobernuak legeak proposatu eta indarrean jarri ahal izateko.

Estatu batzuetan, estatuburuak (erregeak edo estatuko presidenteak, adibidez) erabakitzen du nork osatzen duen gobernua. 

Estatu askotan, gainera, gobernua kargutik kendua izan daiteke. Herrialdea ordezkatzen duen erakundea (parlamentua) edo estatuburua gobernuarekin pozik ez badago, aurreko gobernua kargutik kendu eta gobernu berri bat eratzen da. Horri «gobernu aldaketa» deitzen zaio. Gobernu aldaketa bat egiteko modua estatu bakoitzeko konstituzioan azaltzen da. Sistema parlamentarioa duten herrialde demokratikoetan, gobernuak parlamentari gehienen konfiantza ez duenean bakarrik alda daiteke. Bestalde, gobernuburuek ere ministroak alda ditzakete halaber.