Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoko parlamentua da.

Parlamentua lurralde edo herrialde bateko biztanleen ordezkaritza duen batzarra edo erakunde politikoa da. Batzar horretan, hauteskundeen bitartez biztanleek aukeratzen dituzten politikariek parte hartzen dute. Politikari horiei «parlamentari» deitzen zaie. Haien ardura estatuko gai garrantzitsuenei buruzko eztabaidak egin eta erabakiak hartzea da. Adibidez, legeak sortzen dituzte; hau da, estatu bateko biztanle guztiek bete beharreko arauak. Beraz, parlamentua estatu edo lurralde batean botere legegilea duen erakundea da.

Parlamentuak, gainera, herrialde batek funtzionatzeko behar duen aurrekontua erabakitzen du. Aurrekontua estatuaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda da, eta parlamentuak erabakitzen du nola lortu diru-sarrera horiek (orokorrean, herritarren zergen bitartez) eta zertan gastatu (adibidez, ospitaleak eta eskolak eraikitzen, medikuei, irakasleei eta beste funtzionarioei ordaintzen, etab.). 

   Ba al dakizu   

Estatu demokratiko bateko parlamentarien beste zeregin bat estatuko gobernuaren lana kontrolatzea da.  Parlamentua osatzen duten politikarietako batzuk hauteskundeak irabazi dituen alderdi politikokoak dira; hauteskundeak irabazi dituen alderdia hiritarren boto gehien eta ordezkari gehien lortu dituena da, eta ondorioz, gobernua osa dezake. Beste batzuk, aldiz, hauteskundeak galdu edo boto eta ordezkari gutxiago lortu dituzten alderdietakoak dira. Parlamentari horiek «oposizioa» deritzoguna osatzen dute; hau da, gobernua osatu duen alderdiko kideak ez diren parlamentariak. Gobernuko alderdiak gehiengo nahikoa lortzen duenean, nahi dituen legeak onar ditzake; gehiengo nahikoa ez badu, aldiz, oposizioarekin negoziatu beharko du, lege horiek edo gobernuko politikak onartzeko.

Demokraziarik gabeko parlamentuak ere egon daitezke?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu batzuetan ez dago demokraziarik; estatu horiei «diktadura» deitzen zaie. Diktadura horietako gobernuek ez dute nahi herritarrek ahotsik izatea. Hala ere, estatu horiek ere parlamentua izaten dute. Baina gobernuaren egitekoak kontrolatzen ez dituen parlamentu bat izaten da; hau da, ezin du inolako iritzi edo jarrerarik erakutsi gobernu horrek edo gobernuko presidenteak hartutako erabaki politikoen aurka.

Parlamentu ez-demokratiko horietan, gobernuak ez dio mundu guztiari bozkatzen edo hauteskundeetara aurkezten uzten. Gainera, parlamentua osatuta dagoenean, gobernua da parlamentu hori kontrolatzen duena, eta ez alderantziz, estatu demokratikoetan gertatzen den bezala. Askotan, diktadurak dituzten herrialdeetako parlamentuek ez dituzte gai garrantzitsuei buruzko erabakiak hartzen. Diktadoreek eta euren gobernuek hartzen dituzte erabaki horiek, oposiziorik edo inoren kontrako jarrerarik onartu gabe.

eta