Konstituzio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Espainiako Errepublikako Konstituzioaren azala.

Konstituzioa herrialde edo estatu batek nola funtzionatu behar duen arautzen duen oinarrizko lege-testua da. Konstituzioak esan dezake zeintzuk diren gobernu-erakundeak, zer egin dezaketen edo zer egin behar duten, bereziki Gobernuak eta Parlamentuak. Gainera, konstituzio askok herritarren eskubideak ere ezartzen dituzte. Gobernuak erabakitzen dituen legeek beti egon behar dute Konstituzioak dioenaren barruan, ezin dira joan haren aurka. Hori bai, Konstituzioa zuzendu edo aldatu egin daiteke, baina hori, oro har, lege arrunt bat onartzea baino zailagoa da.

Munduko leku askotan, eta bereziki Europan, hainbat mende luzez, errege edo erreginek gobernatzen zituzten herrialdeak. Herriak ez zuen eskubiderik, eta ez zuen ahotsik ezta botorik ere gobernatzeko moduan. Hori Ingalaterran hasi zen aldatzen XIII. mendean: 1215ean, herrialde horretako lurjabeak haserre zeuden erregearekin. Bat eginik, zenbait eskubide bermatzen zizkien agiri bat sinatzera behartu zuten erregea. Dokumentu horri Karta Magna deitu zitzaion.

XVII eta XVIII. mendeetan, John Locke eta Jean-Jacques Rousseau izeneko pentsalari batzuek "kontratu soziala" delako ideia bati buruz idatzi zuten. Ideia horrek dio jendeak uko egiten diola nahi duena egiteko duen askatasunari gobernu egonkor baten babesa edukitzearen truke. Pentsalari horiek eragin handia izan zuten Estatu Batuetako Konstituzioaren idazketan, 1787an. Horixe da konstituzio idatzirik zaharrena, eta beste herrialde askoren eredua izan zen. Gaur egun ia herrialde guztiek dituzte konstituzio idatziak. Askok konstituzio bat baino gehiago izan dituzte haien historian.

Europaren kasuan, lehen konstituzioak 1800 ingurukoak dira; estatuan erregeak hain botere handia ez zuela ziurtatzera zuzenduta zeuden. Baina denbora asko igaro zen Europako estatuak demokratikoak izan baino lehen, hau da, agintea herriaren ordezkarien esku egon arte, eta ez bakarrik errege absolutuen esku.