Wikipedia, Entziklopedia askea

Gurutze Gorria

Eduki-taula

Gurutze Gorria eta Ilargi-erdia antolakundearen bandera.

Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren Nazioarteko Mugimendua gerra eta hondamendi naturaletan pertsonei laguntzen dio talde multzo bat da. Ez da antolakunde erlijiosoa, baina Gurutze Gorria izenez ezagutzen da herrialde kristauetan eta Ilargierdi Gorria izenez, herrialde musulmanetan (gurutzea kristautasunaren sinboloa da eta ilargi erdia islamarena).

Mundu osoan, Gurutze Gorriaren eta Ilargierdi Gorriaren 180 elkarte edo talde baino gehiago daude. Adibidez, Ameriketako Gurutze Gorria, Britainia Handiko Gurutze Gorria eta Pakistango Ilargierdi Gorria daude. Elkarte bakoitza independentea da eta zerbitzu propioak eskaintzen ditu. Laguntza medikoa, elikagaiak, ura eta aterpea eman ohi dizkiete lurrikaren, uholdeen eta bestelako hondamendi naturalen biktimei. Gerra garaian ere laguntzen diote jendeari. Bake garaian, lehen laguntzak eta segurtasun-teknikak irakasten dituzte, eta askok odol-bankuak ere izaten dituzte.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea (ICRC) izan zen Gurutze Gorriko lehen taldea. Suitzan du egoitza. Gerran edo beste gatazka batzuetan bizi diren pertsonei laguntzen die ICRCek. Gerretan inoiz parte hartzen ez duenez, herrialde gehienek konfiantza dute natolakunde honetan; herrialdeek baimena ematen diete beste talde batzuk sartu ezin diren eremuetan lan egiteko.

Jean-Henri Dunant suitzarrak hasi zuen Gurutze Gorriaren mugimendua. 1863an, zauritutako soldaduei laguntzeko nazioarteko talde bat sortzen lagundu zuen. Laguntzaile horiek sinbolo gisa gurutze gorri bat erabiltzen hasi ziren. Taldeak Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea edo ICRC izena hartu zuen 1875ean. 1901ean, Dunantek bakearen lehen Nobel saria jaso zuen bere lanagatik.