Txikipedia:Heidi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heidi liburuaren azala, 1922ko argitalpen batean.

Heidi Johanna Spyri idazle suitzarrak 1880an idatzitako liburu bat da. Heidi izeneko neskato umerzurtza da pertsonaia nagusia, Suitzako Alpe mendietan bere aitonarekin eta ahuntzekin bizi den neskatoa. Jatorrizko liburua alemanez dago idatzita, baina beste hizkuntza askotara itzulita dago. Oso liburu arrakastatsua izan da, eta hainbat film eta antzerki-lan egin dira liburu horretan oinarrituta, baita telebistarako marrazki bizidunak ere. Euskaraz ere eskaini dituzte marraki bizidunok.

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heidi neskato umezurtza bere izeba batekin bizi da Maienfeld izeneko herri batean, baina izebak beste hiri batera joan behar du lanera eta ezin du Heidi zaindu. Orduan, mendietan bizi den aitonaren baserrira eramango du. Aitona, hasieran, ez da batere gustura egongo ume bat zaindu behar izatearekin, baina, azkenerako, Heidiren maitasunari esker, oso harreman ona sortuko da bien arteana. Gainera, Heidik lagun berriak egingo ditu mendietan: Lanbro txakurra, Pello ahuntzaina, Elurtxo antxumea, Pitxin txoria...

Urte batzuk geroago, Heidiren izebak Frankfurt izeneko hirira eramango du Heidi, berarekin bizitzera; han, bera baino nagusiagoa den Klara izeneko neska elbarritu bat ezagutuko du, eta adiskide bihurtuko dira. Biek tutore eta irakasle zorrotz bat izango dute etxean: Rottenmeier andereñoa.

Denbora igaro ahala, ordea, Heidik aitonaren falta handia izango du, eta mediku batek esango dio hobe lukeela harengana itzuli. Heidi aitonaren baserrira itzuliko da, eta egun batean bere lagun Klara ere hara joango da denbora baterako; han, bere osasunak hobera egingo du, eta oinez ibiltzen hasiko da.