Inkisizioa Erromatar Eliza Katolikoaren epaitegi bat izan zen, XIII. mendean sortutakoa. Inkisizioak heresia leporatzen zitzaien pertsonak ikertzen eta zigortzen zituen; hau da, Elizaren irakaskuntzen aurka joatea leporatzen zitzaien pertsonak.
Inkisizioaz arduratzen ziren funtzionarioak inkisidoreak ziren. Inkisidoreek egindakoa aitortzeko aukera ematen zieten lehenik akusatuei. Inkisidore batzuek jendea torturatzen zuten, beraien "delitua" aitortzeko. Jakina, delitu haietako asko eta asko faltsuak ziren, eta akusatuak errugabeak, baina edozer aitortzen zuten torturatzen zituztenean. Gainera, aitortzen ez zuten pertsonek epaiketa bat izaten zuten, eta haien zigorra isunak, kartzela edo baita heriotza ere izan zitezkeen.
Gregorio IX.a Aita Santuak hasi zuen Inkisizioa, 1231. urtean. Inkisizioa hainbat herrialdetan egon zen. Espainian, bereziki gogorra izan zen XV. mendearen amaieran, Errege-erregina Katolikoen garaian eta ondoren. Tomas de Torquemada deitutako inkisidore batek 2.000 pertsona inguru errearazi zituen sutan. Gainera, Torquemadak Errege-erregina Katolikoak konbentzitu zituen 160.000 judu inguru Espainiatik kanporatzeko.
Inkisizioaren biktima batzuk famatuak dira. Haietariko bat Joana Arc-ekoa izan zen, heroi frantsesa. 1431an erre zuten sutan, beste gauza batzuen artean, esaten zuelako Jainkoak bidalitako mezuak jasotzen zituela. Beste biktima bat Galileo Galilei zientzialari italiarra izan zen; zientzialari handi hau 1600. urte hasieran zigortu zuten, Lurrak Eguzkiaren inguruan biratzen zuela esateagatik. Ez zuten espetxean sartu, baina ez zioten utzi bere etxetik ateratzen. Euskal Herrian ere, jende askok zigor handiak jasan zituen Inkisizioagatik, Zugarramurdin eta beste leku askotan sorginak izatea leporatuta.
Inkisizioak 1908. urtera arte iraun zuen, baina hainbesterainoko ankerkeria erakutsi gabe.