Txikipedia:Julian Gaiarre
Julian Gaiarre (Erronkari, 1844ko urtarrilaren 9a - Madril, 1890eko urtarrilaren 2a) tenor bikain bat izan zen.
Txikitan, artzain ibili zen jaiolekuan. Gero, Iruñera bidali zuen aitak, denda batean lan egitera. Behin, dendan lanean ari zela, musika-banda bat entzun zuen kanpoan jotzen, eta, musikak erakarrita, haren atzetik joan zen. Gertakari horren ondorioz, bota egin zuten lanetik, eta Erronkarira itzuli zen. Irunberrin denbora batez errementari-lanetan ibili ondoren, Iruñera joan zen, lanera. Dirudienez, lan egiten zuen bitartean, kantari ibiltzen zen Gaiarre. Lankide batek, haren ahots paregabea entzunda, Iruñeko Orfeoira joateko animatu zuen. Orfeoian, solfeoa eta kantua ikasi zituen, eta Madrilera joan zen. Baina Madrilen ez zioten oso harrera ona egin, eta, triste, Iruñera itzuli zen. Alabaina, bere lagunei esker, Milanera joan zen (Italia), eta han izugarrizko arrakasta lortu zuen berehala.
Gaiarre herrialde askotan ibili zen kantuan: Errusian, Austrian, Erresuma Batuan, Argentinan, Alemanian, Frantzian...
1889ko abenduan, Madrilen, gaixo zegoela, agertokira abestera irten zen, baina oso ahula zegoen, eta ezin izan zuen emankizuna bukatu. Handik oso gutxira hil zen, 46 urte zituela.
Erronkarin dago hilobiratuta.
Xehetasun polit bat: Julian Gaiarre euskalduna zen, eta, askotan, emankizunen amaieran, Gernikako Arbola kantatu ohi zuen, Iparragirreren kantu ezaguna.