Kartago antzinako hiri bat izan zen, feniziarrek sortua Afrikako iparraldeko kostaldean K.a. 800. urte inguruan. Erromatarrek suntsitu zuten, K.a. 146an. Haren hondakinak oraindik ere ikus daitezke, Tunisian, Tunis hiritik hurbil. Bere garaian, Mediterraneo mendebaldeko merkataritza gune garrantzitsu bat izan zen.
Kondairaren arabera, Tiroko erregearen alaba Didok sortu zuen Cartago. Tiro feniziar hiri bat zen, gaur egungo Libanoko lurretan. Didok Afrikara ihes egin zuen, bere senarra hil ondoren, eta Kartago hiria sortu zuen.
Kartagotarrak marinel eta merkatariak izan ziren; jakiak, ehunak, esklaboak eta metalak saltzen zituzten, hala nola eztainua, zilarra, urrea eta burdina. Hiriak aurrerabide handia egin zuen K.a. V. mendetik aurrera eta bere kolonia propioak ezarri zituen Afrika iparraldean, Iberiar penintsularen hegoaldean eta Mediterraneoan.
Antzinaroan, Kartago eta Erroma ziren Mediterraneoko potentziarik indartsuenak, eta horregatik gerran sartu ziren bata bestearen kontra zenbait aldiz; gerra punikoak izenaz ezagutzen dira gerra horiek, erromatarrek Poeni deitzen zietelako feniziarrei. Lehen guda punikoan, (K.a. 264 - 241), Kartagok Sizilia uhartea galdu zuen. Bigarrenean (K.a. 218 - 201), Hanibalek zuzendutako armada batek elefanteen laguntzaz Alpeak zeharkatu zituen erromatarrak garaitzeko asmoz. Hanibalek, ordea, ez zuen lortu Erroma menderatzea eta Afrikara itzuli zen; geroago, erromatarrek armada bat bidali zuten Afrikara eta Hanibal garaitu zuten. Hirugarrenean (K.a. 149 - 146), erromatarrek Kartago menderatu eta erre egin zuten.
Geroago, K.a. 122an, erromatarrek euren kolonia propioa sortu zuten bertan. K.o. 533an, Bizantziar Inperioak hartu zuen lur hauen kontrola. Arabiarrek 705ean konkistatu zuten hiria eta Tunisia hiriburu bihurtu zuten.