Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bizantziar Inperioa

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
17.000.000
🔎
Azalera
🏙️
Hiriburua
Konstantinopla
📷
Argazkiak
ikusi
Bizantziar inperioaren hedapena, mendeetan zehar.

Bizantziar Inperioa Erdi Arora arte iraun zuen Erromatar Inperioaren ekialdeko zatia izan zen; horregatik, Ekialdeko Erromatar Inperioa ere deitzen zaio. Hiriburua Konstantinopla zen, gaur egun Turkian dagoena eta Istanbul izena duena. Mendebaldeko zatian ez bezala, hizkuntzarik garrantzitsuena greziera zen, ez latina, eta greziar kultura eta nortasuna ziren nagusi.

Erromatar Inperioak Europako zati handi bat, Afrikako iparraldea eta Asiako hegoa gobernatu zituen ehunka urtez. Baina 395. urtean bi zatitan banatu zen. Mendebaldeko zatia 476. urtean desagertu zen, inbaditzaileek konkistatu zutenean. Ekialdeko zatiak, aldiz, 1453ra arte iraun zuen, eta horixe da, hain zuzen, Bizantziar Inperioa izenez ezagutzen dena, Konstantinopla hiriaren aurreko izena Bizantzio zelako.

324an, Konstantino I.a erromatar enperadoreak Bizantzio hirira eraman zuen Erromatar Inperioaren hiriburua, eta Konstantinopla izena ezarri zion. 150 urte geroago, hainbat herri inbaditu zuten inperioaren mendebaldea eta, bertan inperioa bertan behera erori zenean, ekialdeko inperioa bakarrik geratu zen.

Bere tamainarik handiena lortu zuenean, Bizantziar Inperioa Ekialde Hurbiletik Iberiar penintsularen hegoalderaino hedatu zen. Europa hegoaldeko eta Afrikako iparraldeko lurralde batzuk okupatzen zituen Mediterraneo itsasoaren inguruan.

Bizantziarrek kristautasunaren adar berri bat sortu zuten; 1054an, eliza bizantziarra mendebaldeko eliza kristauarengandik banandu zen. Mendebaldeko eliza, "Erromatar Eliza Katolikoa" izenez ezagutzen da; bizantziar elizari, aldiz, Eliza Ortodoxoa deitzen zaio.

Inperioaren amaiera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieratik, Bizantziar Inperioak inbasio askori egin zien aurre. Lehen urteetan, Europako iparraldetik iritsitako inbaditzaile ugarik mehatxatu zituzten inperioko mugak. Asiako persiarren eta Arabiako musulmanen aurka ere borrokatu behar izan zuten lehen bizantziarrek. Beranduago, Gurutzadak izenez ezagutzen diren gerra erlijiosoetan, mendebaldeko Europako kristauek Konstantinopla eraso zuten.

Bere azken mendeetan, Bizantziar Inperioak bere lurraldearen zati handi bat galdu zuen. 1300. urtean, turkiar musulmanek Konstantinopla inguratzen zuten lurrak konkistatu zituzten. 1453an, turkiarrak hiriaz jabetu ziren eta Otomandar Inperioaren hiriburu bihurtu zuten. Horrenbestez amaitu zen Bizantziar Inperioa.