Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kartilago-ehun

Eduki-taula

Giza kartilagoak

Kartilagoa ehun bigun eta malgu bat da, gizakien eta beste animalia askoren gorputzetan dagoena. Kartilagoa belarrian antzematen da errazen, azalaren azpiko guztia kartilagoa baita. Elastikoa eta iraunkorra da, eta hezurrak baino bigunagoa. Badaude zainak kartilagoan, bertatik odola pasa dadin, baina nahiko gutxi. Artikulazioetan hezurrak kartilagoz estaliak daude, eta horri esker mugitzen dira hezur horriek leunki, batak besteari kalterik egin gabe.

Sudur punta ere kartilagoz dago osatua. Kasu honetan ere, azalaren azpian bertan dago kartilagoa. Sudur punta kartilagoa dela antzematen da, eta ez hezurra, erraz mugitu daitekeelako. Sudur puntan, haren funtzioa sudur-hobiak behar bezain handiak direla bermatzea da, gure organoek usaintzeko behar duten espazioa izan dezaten. Horrez gain, arnasten dugun airea iragazteko, hezetzeko eta berotzeko behar bezainbeste espazio sortzen du.

Kutxa torazikoan, kartilagoak lotzen ditu saihetsak bata bestearekin eta bularrezurrarekin. Horri esker, gure kutxa torazikoa elastikoa da, eta gora eta behera mugitzen da arnasa hartzen dugunean.

Bestalde, bizkarrezurreko orno bakoitzean ornoarteko diskoak daude, kartilagoz eginak hauek ere. Leku garai batetik lurrera jauzi egiten dugunean, disko horiek leuntzen dute lurreratzea. Garuna babesten dute, kolperik jasan ez dezan, eta haiei esker da malgua bizkarrezurra.

Badago kartilago zati berezi bat belaunean, hankaren goiko eta beheko zatietako hezurren artean: meniskoa. Bi eraztunen itxura du, etzanda dagoen 8 baten antzera. Meniskoak lotailu eta giharrei laguntzen die belauna behar den lekuan mantentzen. Jende askok hartzen du min meniskoan kirola egiten edo belauna behar ez bezala okertuz. Meniskoari asko kostatzen zaio sendatzea, beste kartilagoei bezala, odol-fluxu txikia duelako. Kasu batzuetan, sendagileak menisko zati bat moztu behar izaten du. Horrela ia guztiz desagertzen da belauneko mina. Ebakuntza horren ondorioz, ordea, baliteke pertsona batzuk ez izatea kiroletan lehen bezain ongi jarduteko gai.