Wikipedia, Entziklopedia askea

Kazetaritza

Eduki-taula

Umeentzako Mantangorri gehigarria, euskarazko Berria egunkarian.

Kazetaritza jendeari munduan zer gertatzen den kontatzen dion jarduera da. Kazetaritza hedabideen bitartez egiten da; hau da, egunkari, aldizkari, irrati, webgune edo telebistaren bidez. Hedabideek gertakari ugariren berri ematen dute, tokian tokiko berri eta ospakizunetatik hasita nazioarteko albisteetaraino. Kazetariek pertsonei azken berriak ulertzen laguntzen diote, pertsona batzuei elkarrizketak eginez eta aztertzen dituzten gaiak ikertuz. Argazkilari edo foto-kazetariek berriak argazkien bidez komunikatzen dituzten kazetariak dira.

Kazetari batzuek gai jakin batzuetan jartzen dute arreta haien artikulu eta erreportajeak egiteko, hala nola, politika, negozioak, teknologia edo artea. Hala ere, kazetari guztiek jakintza maila zabala izatea komeni da. Ondo komunikatzea garrantzitsua da kazetaritzan. Kazetariek ondo informatutako artikulu bat prestatu eta ondo idazteko gai izan behar dute, erraz irakurtzeko edo ulertzeko modukoa.

Kazetariak eduki behar duen gauza garrantzitsuena esperientzia da. Kazetariak lanbidea ikasteko eta esperientzia lortzeko duen modurik eraginkorrena berriak edo albiste-gaiak gertatzen diren lekuan bertan egotea da. Horrela ikasi ohi zuten kazetariek haien lana. Gaur egun ere, hainbat kazetaritza-enpresak esperientzia eta jakintza izatea hartzen dute aintzat ikasketa formalen gainetik. Hala ere, kazetaritzako unibertsitate-tituluak daude, eta gaur egun hedabideetan lan egiten duten kazetari gehienak unibertsitatera joandakoak dira. Titulu bat jasotzean, kazetaritza-ikasleek beharrezko esperientzia lortzen dute fakultateko egunkarian, irratian edo telebistan lan eginez, edo kazetaritza-enpresa handietan praktikak egitez.