Wikipedia, Entziklopedia askea

Kontinenteen jitoa

Kontinenteen jitoa azken 250 milioi urteetan.

Kontinenteen jitoa Lurraren azala osatzen duten plaka tektonikoen mugimendua da. Plakak mugitzen diren neurrian, haien gainean dauden kontinenteak ere mugitzen dira; horregatik kontinenteen jitoaz hitz egiten da, norabide zehatzik gabe mugitzen direlako.

Lurrazala ez dago atal bakar batez osatuta, atal ugariz baizik, puzzle baten antzera. Munduko lurra eta ura plaka hauen gainean jarrita daude. Plakak, berez, harri solidoz eginda daude, eta haien azpian partzialki urtuta dagoen harrizko geruza ahulago bat dago, lurreko barneko mantuaren gainean.

Plakak etengabe mugitzen dira geruza ahul honen gainean, baina oso astiro, zentrimetro gutxi batzuk urtero. Baina denbora pasatu ahala, mugimendu motel horrek plaka tektonikoen posizioa eta forma aldatu ditu Lurraren historian etengabe.  

Zer gertatzen da plakak mugitzen direnean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plakak mugitzen direnean, haien ertzetan zenbait fenomeno gertatzen dira:

  • Batzuetan, plakek elkarren kontra talka egiten dute eta talka honek lurrikarak eragiten ditu.
  • Beste batzuetan, plaka baten ertza ondoan dagoen beste plaka baten azpian sartzen da eta desagertuz joaten da.
  • Gerta daiteke plaka bakoitzaren ertzak bata bestearen kontra bultzaka hastea eta, ondorioz, plaken ertzek gora egitea; horrela eratzen dira mendiak.
  • Batzuetan, plaken ertzak elkarrengandik urrundu egiten dira eta orduan plaken azpian dagoen harri urtua edo magma lurrazalera igotzen da. Igotzen denean, magma hoztu egiten da eta azal berri bat eratzen du.

Lurrikarak eta sumendiak plaken mugetan eratzen dira askotan. Ozeano Barean, plaken ertzetan hainbeste lurrikara eta sumendi eratzen direnez, inhuru hura Suzko Eraztuna izenaz ezagutzen da.

   Ba al dakizuEmoji u2753.svg   
Jito hitzaren esanahia.
The Struggle against the Waves.jpg

Jitoan dagoela esaten da itsas edo ur gainean, urak edo haizeak bultzaturik, noraezean dagoen edozein gauzari buruz.
Adibidez, txalupa bat itsasoan edo ibaian jitoan dago noraezean dagoenean, uraren mugimenduaren mende, adibidez motorrak funtzionatzen ez duenean edo arraunak galdu dituenean.

Horregatik, kontinenteen mugimendu geldia eta etengabeari ere esaten zaio jitoa.

Zer gertatu da iraganean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plakak lurrazalean zehar mugitu dira ehunka milioi urtetan zehar. Plakak mugitzen diren heinean, haien gainean dauden kontinenteak ere mugitu egiten dira. Lurraren historian kontinenteak superkontinente batean elkartzera heldu dira hainbat aldiz. Sortu izan den azken superkontinentea duela 270 milioi urte eratu zen; zientzialariek Pangea izena eman zioten.

Baina mugimendu horrek jarraitu egin zuen superkontinenteen eraketen ondoren. Hau da, gutxinaka-gutxinaka, superkontinenteak apurtzen doaz eta haien zatiak edo plakak berriro banatzen dira. Pangearen kasuan, superkontinentea plaka baten mugan zatitu zen eta mantuko magmak zabaltzen zihoan espazioa bete zuen. Horrela sortu zen Ozeano Atlantikoa.

Zer gertatuko da etorkizunean?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etorkizunean Lurra osatzen duten gaur egungo kontinenteek eta plakek berdin-berdin jarraituko dute mugitzen. Zientzialariek uste dute 250 milioi urte barru beste superkontinente bat osatuko dutela berriro, Ipar Amerikarekin eta Asiarekin hasiz. Horregatik, zientzialari batzuek etorkizuneko superkontinente horri Amasia izena eman diote.