Edukira joan

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kreazionismo

Lehen gizakiaren sorrera, Michelangeloren margolana

Kreazionismoa existitzen den guztiaren jatorriari buruzko doktrina edo sinesmen bat da. Sinesmen horren arabera, Jainkoak ezerezetik sortu zuen unibertsoa, eta Jainkoak berak sortu zuen izaki bizidunaren arima beste izaki bizidunetatik bereizteko.

Kreazionismoaren arabera, guztiaren jatorria da Jainkoa. Jainkoa betierekoa denez, kreazionismoak hainbat galdera filosofiko dakartza: zer zegoen mundua baino lehen? Nola sortzen da zerbait ezerezetik?

Halako printzipio metafisiko baten arabera, «ezer ez da sortzen ezerezetik». Unibertsoak, hau da, existitzen den guztiak, jatorri bat izan bazuen, ezerezetik sortuko zen, eta horrek aipatutako printzipioa ukatzen du. Kontraesan horri aurre egiteko, unibertsoa betidanik existitu dela onartu beharko litzateke.

Kreazionismoak Charles Darwinen eboluzioaren teoriari kontra egiten diola esaten da askotan. Zientzialari horrek azaldu zuen espezieak (gizakia barne) beste espezie batzuetatik datozela. Horrek esan nahi du Jainkoak ez zuela gizakia ezerezetik sortu. Kreazionisten iritziz, ordea, espezie bakoitza Jainkoaren kreazioaren fruitu da.

Kreazionismoaren ideia zera da, finean, gauza guztiak Jainkoaren ekintza direla. Kreazionistek Genesia (Bibliako lehenengo liburua) modu literalean ulertzen dute eta ez dute espezieen eboluzioa dagoenik onartzen. Gainera, kreazionismoak kontra egiten dio zientziak egiten duen Lurraren datazioari ere. Izan ere, Kreazionista kristau batzuek diote hain dela gaztea gure planeta, non haren adina ez baita 10.000 urtera iristen. Zehatzago, diote Yahveh jainkoak sortu zuela mundua duela 6.000 urte. Beste modu batera esanda, ideologia horretan ez dira kontuan hartzen oinarri zientifikoa duten unibertsoaren eta Lurraren sorrerari buruzko teoriak. Gure planetaren adina zehazteko, kreazionistek Bibliako pertsonaietan oinarritutako kalkuluak egiten dituzte, Genesia eta beste liburu batzuk kontuan hartuta.

Ipar Amerikako eliza protestante asko ere bat datoz Lur gaztearen ikuspuntu horrekin: estatistiken arabera, estatubatuarren % 47 bat dator ideia horrekin, eta unibertsitate kristauen % 10ek irakasten dute ideologia hori ikasgeletan.

Hala ere, kreazionismoaren barruan hiru ikuspuntu bereizten dira:

  • Batek erabat baztertzen du espezieen eboluzioaren teoria. Hau da ideologia kreazionistaren forma ohikoena.
  • Besteak posible ikusten du gizakia ez beste izaki bizidunen eboluzioa. Kreazionismo anbiguoa deitzen zaio.
  • Hirugarrena «eboluzio azkarrekoa» deitzen da. Ikuspuntu horren arabera, Yahveh jainkoak denbora gutxian egin zuen kreazioa, beraz, kreazioa egon zen, baina astebete bakarrik iraun zuen, Bibliak dioen bezala.