Eboluzio

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Darwinen txontak. Galapago uharteetako txori hauen 14 espezie daude. Haien arteko ezberdintasunik nabarienak mokoaren tamainan eta forman daude. Mokoak ezberdinak dira, jaten dutenari egokituta daudelako.

Eboluzio hitzak "bilakaera" esan nahi du, eta izen hori du Lurreko izaki bizidunen bilakaerari buruz dagoen teoriak edo azalpen zientifikoak. Teoria horren arabera, Lurreko izaki bizidun guztiak bilakatu dira edo eboluzionatu dute lehenagoko beste izaki bizidun batzuengandik; eta haien arteko desberdintasunak denboran zehar izandako aldaketen ondorio dira.

Eboluzioak azaltzen du zergatik dauden landare eta animalia desberdinak munduan. Guzti-guztiak, lehenago existitutako izaki sinpleagoetatik eratorriak dira. Dirudienez, lehendabiziko bizi-formarik sinpleenak duela gutxienez 3,5 milioi urte sortu ziren, eta haietatik atera dira munduan izan diren izaki bizidun guztiak.

Eboluzioaren teoriaren historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun, zientzialari guztiek onartzen dute eboluzioaren teoria. Bizitzari buruzko azalpen hau oinarri-oinarrizkoa da gaur egungo biologian. Teoria hori egiaztatu duten hainbat eta hainbat froga eman ditu zientziak, esparru askotatik. Froga-iturri bat fosilak dira, hau da, aspaldi bizi izandako izaki bizidunen hondakinak, lurpean edo urpean gordeta geratu direnak. Fosilek argi eta garbi erakusten digute aspaldiko garai urrun haietan bizi izandako espezie askok ez dituztela gaur egun bizirik dauden espezieen ezaugarri berdinak. Dinosauroak dira horren adibide ezagun bat.

Fosilek, gainera, izaki bizidunak denboran zehar aldatu egin direla ere erakusten digute. Esate baterako, duela 50 milioi urteko zaldien hezurrek erakusten digute zaldi haiek gaur egungo zakurren tamainakoak zirela. Geroagoko garaietan bizi izandako beste zaldi batzuen hezurrek, berriz, denboran zehar haien tamaina handituz joan zirela erakusten dute.

Teoria honen aurretik, jendeak ez zekien mundua eta izaki bizidunak nola sortuak ziren. Azalpen erlijiosoak baino ez zeuden: jende askok uste zuen jainko batek sortuak zirela bai mundua eta bai izaki bizidun guztiak ere, Biblian esaten den bezala.

Baina XIX. mendean, ideia berri batzuk hasi ziren zabaltzen biziaren jatorriari buruz, eboluzioaren teoria, hain zuzen ere. Charles Darwin izeneko zientzialari ingeles batek zabaldu zuen teoria hori; "Espezieen jatorriaz Hautespen naturalaren bidez" izenburuko liburua argitaratu zuen 1859an.

Hasieran eta denbora luzez, jende asko egon zen teoria horren aurka, azalpen erlijiosoan bakarrik sinesten zutelako. Batez ere, ez zuten sinetsi nahi gizakia bera ere aboluzioaren ondorio dela eta, beraz, izaki sinplego batzuengandik datorrela; are gutxiago, garai hartan esaten zen bezala, "tximinoengandik" datorrela. Gaur egun oraindik ere badira teoria hori sinetsi nahi ez dutenak, Bibliari sinestea nahiago dutenak.

Nola funtzionatzen du eboluzioak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hezur berbera, lau ornodun desberdinengan. Hezurra nola egokitu duen ulertzeko.

Adibidez, animalia batek kume bat duenean, kume horrek gurasoen antzeko ezaugarriak izaten ditu. Esate baterako, jirafa guztiek lepo luzea dute, gurasoek ere lepo luzea dutelako. Bai, baina zergatik dute lepo luzea jirafek?

Bada, lepo laburragoa zuten animalia batzuengandik eboluzionatu dutelako. Izan ere, zenbat eta lepo luzeagoa izan, jirafek errazago zuten zuhaitzetako hosto altuetara ere iristea, haiek jateko. Horrela, lepo laburreko jirafek baino aukera hobeagoa zuten elikadura lortzeko eta, ondorioz, errazagoa da lepo laburragokoak gosez hiltzea eta, beraz, umerik eduki ezin izatea. Aldiz, jirafa lepoluzeek aukera gehiago zuten bizirik jarraitzeko eta, beraz, kumeak edukitzen jarraitzeko. Eta kume horiek ere lepo luzea izango zuten, gurasoek bezala.

Bilakaera hauen ondorioz, lepo laburreko jirafarik ez da existitzen gaur egun. Prozesu horri "hautespen naturala" deitu zion Darwinek: alegia, nolabait naturak "hautatu" egiten du zein animaliak jarraituko duen bizirik eta zein ez, bere ingurunera egokitzeko duen ahalmenari esker. Horrela, halako ezaugarri jakin bat duten animaliek (jirafa lepoluzeek, adibidez) bizirik jarraitu ahalko dute, zuhaitzetako hostorik altuenak ere jateko egokitu direlako; ezaugarri hori ez dutenek, hau da, ingurunera egokitu ez diren animaliek, berriz, ez.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]