Wikipedia, Entziklopedia askea

LEGO

Lego blokeak.

LEGO plastikozko eraikuntza-blokeek arrakasta handia izan zuten XX. mende erdialdean. Blokeak batzuk besteekin elkartzeko sistema bat dute eta, horrela, eraikuntzak era librean egin daitezke, edota, bestela, posible da argibideak dakartzan kit bat erostea, aurrez diseinatutako eraikuntza edo proiektu bat eraikitzeko ere. Horrelako kit ugari daude: Star Wars filmetako ibilgailuak, munduko monumentu ezagunak, polizia eta suhiltzaile estazioak, Minecraft-eko paisaiak edo lasterketa-autoak, adibidez.

LEGO blokeak Billund hiriko tailer batean sortu ziren, Danimarkan. Asmatzailea, Ole Kirk Christiansen izenekoa, 1932an hasi zen egurrezko jostailuak egiten. Bi urte geroago, LEGO deitu zion bere konpainiari, danierazko leg godt ("ongi jolastu") esaldiaren omenez. 1949an, LEGOk lehen plastikozko adreilua sortu zuen, gaur egungoaren antzekoa: adreilu edo blokeek halako irtengune batzuk zituzten goiko aldean eta zuloak behekoan, elkar lotzeko. Christiansenen semeak, Godtfred Kirkek, adreilua patentatu zuen 1958an. LEGOren oinarrizko adreiluak itxura berberarekin dirau patentatu zenetik.

1968an ireki zuten lehen LEGOLAND jolas-parke tematikoa Billunden. Bertan, atrakzioak eskaintzeaz gain, LEGO modelo handiak ere badaude ikusgai. Ondoren, munduko beste txoko batzuetan ere eraiki zituzten Legoland parke gehiago.

1969an, konpainia DUPLO sorta saltzen hasi zen: adreilu handiagoak ziren, ume txikientzat. 1978an LEGOk Minifigurak aurkeztu zituen; giza-figura horiek enpresaren jolas tematikoetan sartzen zituzten askotan. Konpainiak MINDSTORMS produktuak merkaturatu zituen 1998an. MINDSTORMS pertsonalizatutako adreilu-paketeak dira, programatu daitezkeen robotak egiteko.

LEGO blokeen arrakastak indartsu jarraitu zuen XX. mendearen amaieran, baita XXI. mendearen hasieran ere. 2000. urtean aditu ugarik LEGO “mendeko jostailu” izendatu zuten. Jendeak denetik sortzeko erabili ditu LEGO blokeak, monumentu famatuen erreplika erraldoietatik hasi (Eiffel dorrea edo Erromako Koliseoa, esaterako) eta arte modernoa egiteraino.

LEGO XXI. mendean hasi zen eskaintza zabaltzen, joko elektronikoekin. Horien artean zeuden akziozko eta abenturazko joko ezagunak, pelikula eta bestelako lan ugaritan oinarrituak: Star Wars, Batman, Marvel komikietako superheroiak eta Harry Potterren liburuak. The LEGO Movie (2014) eta The LEGO Movie 2: The Second Part (2019) ordenagailu bidez animatutako marrazki bizidunak izan ziren, Minifiguretan oinarrituak. Pertsonaietako bat, Batman, pelikula independente bateko protagonista izan zen: The LEGO Batman Movie (2017) filmekoa, hain zuzen ere. The LEGO Ninjago Movie (2017) arte martzialen komedia bat da, ordenagailu bidez animatutakoa.