Txikipedia:Harry Potter (pertsonaia)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikipedia:Harry Potter» orritik birbideratua)
Irakurleak ilara egiten, gauez, liburua erosteko.

Harry Potter pertsonaia Joanne Kathleen Rowling idazle britainiarrak gazteentzat idatzitako liburu sail baten protagonista da. Zazpi liburu dira guztira, eta horietan oinarrituta zortzi film egin dira. Liburu sail hau munduko arrakastatsuenetakoa da, eta osotara 80 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da, euskara barne.

Idazleak 1977an idatzi zuen lehen liburua, baina argitaletxeak oso ale gutxi argitaratu zituen. Hala ere, jendeak berehala liburuarekiko interesa izan zuenez, argitaletxeak beste asko inprimatu zituen. 2000. urtean argitaratu zen laugarren liburutik aurrera, Harry Potter sagak arrakasta oso handia eskuratu zuen mundu guztian.

Liburuak ingelesez idatzita daude, baina euskaraz ere badauzkagu: Iñaki Mendiguren itzultzaileak euskaratu ditu, eta Elkar eta Salamandra argitaletxeek batera argitaratu dituzte liburuak.

Filmak ere egin dira Harry Potterren liburuetan oinarrituta, eta haiek ere arrakasta handia izan dute. Pelikula horietan guztietan, Daniel Radcliffe aktoreak egin du Harry Potterren papera.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo liburuaren hasieran, Harryk 10 urte ditu eta bere osaba-izeba eta lehengusuarekin bizi da, baina haiek ez dute batere ongi tratatzen. Harryk 11 urte betetzen dituenean Hogwarts barnetegian ikasteko gonbidapena jasotzen du, azti eta sorginentzako eskola batean. Horrela jakiten du aztia dela, bere gurasoak ere bazirela, eta Lord Voldemort izeneko aztirik famatuenak eta beldurgarrienak hil zituela.

Hortik aurrera Harryk mundu magikoa ezagutuko du, botere magikorik ez duten pertsonentzat ezkutatuta dagoena. Harryk Hogwartsen hasten ditu ikasketak, eta bertan guztiek ezagutzen dute. Orduan kontatzen diote haurra zenean Lord Voldemortek hil nahi izan zuela, baina arrazoi ezezagun batengatik, Harry ez zela azti gaizto horrek botatako «madarikazio hilgarriaren» ondorioz hil.

Hogwartsen lagun berriak egiten ditu Harryk: Hermione Granger eta Ronald Weasley. Beraiekin batera abentura asko bizitzen ditu; izan ere, Lord Voldermortek oraindik Harry hil nahi baitu.

Liburu bakoitzak Harryk barnetegian bizitako urte bat kontatzen du, baita Lord Voldemorten aurkako borroka ere. Azken horrek mundu magikoa menderatu nahi du eta mundu ez-magikoko pertsonak esklabo bihurtu nahi ditu.

Harry Potterren saileko liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Harry Potter eta sorgin-harria
  • Harry Potter eta sekretuen ganbera
  • Harry Potter eta Azkabango presoa
  • Harry Potter eta suaren kopa
  • Harry Potter eta Fenixaren Ordena
  • Harry Potter eta Odol Nahasiko Printzea
  • Harry Potter eta Herioaren erlikiak