Wikipedia, Entziklopedia askea
Haizearen higadurak sortutako arkua.

Meteorizazioa lurrazaleko harriak eta mineralak poliki apurtzen edo aldatzen dituen prozesu naturala da. Beroak, urak, haizeak, izaki bizidunek eta naturako beste indar naturalek eragiten dute meteorizazioa.

Urte askotan zehar meteorizazioak forma eman ahal dizkie harriei, itxura arraro eta bitxiekin. Klima da harrizko arku eta harrizko zutabe ikusgarri batzuk sortu dituena Nafarroako Bardeetan edo Estatu Batuetako arkuen parke nazionalean, adibidez.

Meteorizazioa eta erosioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meteorizazioa erosio edo higadurarekin erlazionaturik dago: erosioa naturaren indarrek eragiten duten harriaren eta lurraren higadura da. Hala ere, higadura dagoenean, gehienetan behintzat, harri eta lur puskak jatorrizko kokalekutik urrun garraiatuak izaten dira. Meteorizazioarekin, berriz, normalean harriak bere lekuan geratzen dira.

Meteorizazio motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Meteorizazioa eragiten duten indarrak fisikoak, kimikoak edo biologikoak izan daitezke. Askotan, indar horien konbinaketaren emaitza izaten da.

  • Indar fisikoen artean sartzekoak dira tenperatura eta presio-aldaketa, ura (izoztuta nahiz mugimenduan dagoena) eta haizea. Tenperatura igotzen denean, harriak dilatatu egiten dira, eta jaisten denean, berriz, uzkurtu egiten dira. Gero, harkaitza askotan dilatatzen eta uzkurtzen denean, azkenik pitzatu eta apurtzen da. Harkaitz baten tontorretik material pisutsua ateratzen bada (adibidez glaziar baten eraginez), harriarekiko presioa murrizten da. Presio hori gutxitzean, harria errazago pitzatzen da. Arrakaletan izozten den urak arrakalak zabal ditzake. Bestalde, urak eta haizeak garraiatzen dituzten partikulek poliki-poliki higatzen edo gastatzen dute harrien gainazala.
  • Erosio kimikoan harria osatzen duten mineralak aldatu egiten dira. Urak zerikusia izan ohi du meteorizazio kimikoan. Uraren elementuek harriaren mineralekin erreakzionatu dezakete. Mineralak deskonposatu egin ahal dira edo mineral desberdinak eratu ditzakete.
  • Meteorizazio biologikoa izaki bizidunen ekintzen emaitza da. Landareen sustraiak harrien irekiduretaraino heldu daitezke. Denborarekin harkaitzen irekidura horiek handitu eta harria puska dezakete azkenik. Bestalde, likenak ere harrien gainazalean edo arrakaletan hazten dira, eta harria gastatu dezakete.