Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2022/06

Wikipedia, Entziklopedia askea

Iraunkortasuna baliabideak etorkizunean erabilgarri izateko moduan erabiltzeari deritzo. Forma ezberdin asko har ditzake, baina guztiak datoz bat oinarrizko ideietan. Haietako bat gizakion biziraupena ingurune naturalaren menpe dagoela da. Beste bat, jendeak beren ekintzek mundu naturalean duten eraginaz jabetuz jokatu behar dutela. Hirugarrena, berriz, gaur egungo beharrak ezin direla ase etorkizuneko belaunaldien beharrak kontuan izan gabe.

Iraunkortasunak ekologismoa du oinarri. Hala ere, argi dago eremu askotan eragina duen gai zabala dela. Nekazaritza, hiri-plangintza, ingeniaritza, eraikuntza eta energia-ekoizpena dira besteak beste iraunkortasunarekin zerikusia duten alor batzuk.

Zergatik behar dugu?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Munduko biztanleria bat-batean handitzeak premiazko gai bihurtu du iraunkortasuna. 1804ra arte, munduko biztanleria ez zen mila milioira iritsi, baina XX. mendearen amaieran 6 mila milioi izatera iritsi zen, eta 2011an, 7 mila milioira.  Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2100ean munduko biztanleria guztira 11 mila milioi baino gehiago izango dela kalkulatu du. Biztanleriaren hazkundea handiagoa da leku batzuetan eskuragarri dagoen janaria eta baliabide naturalak baino. Horrela, gose eta pobreziaren epe luzeko arazoak handitu dira, batez ere garapen bidean dauden herrialdeetan.