Txikipedia:Nabarmendutako artikulua/2022/12

Wikipedia, Entziklopedia askea

Amelia Earhart (1897 - 1937) hegazkin-pilotu ospetsu estatubatuar bat izan zen; besteak beste, Ozeano Atlantikoa bakarka zeharkatu zuen lehen emakumea izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1897ko uztailaren 24an jaio zen, Kansaseko Atchison herrian, Estatu Batuetan. 1915ean, bigarren hezkuntzako eskola amaitu zuen eta 1917an erizain lanean hasi zen Boston hirian. Han, soldadu zaurituak zaintzen zituen. 1919an medikuntza ikasten hasi zen, baina urtebete geroago ikasketak bertan behera utzi zituen.

Lehen aldiz 1920an hegan egin ahal izan zuen hegazkin batean. Hurrengo urtean hasi zen ikasten hegazkinak nola pilotatu. Handik hilabete batzuetara hegazkin bat erosi zuen. 1932an, Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen berak bakarrik; hori lortzen zuen bigarren pertsona izan zen (lehena Charles Lindbergh izan zen, 1927an), eta lehen emakumea. Bidaia horren bitartez, heroi handi bat bilakatu zen estatubatuarrentzat. Geroago, 1935ean, Ozeano Barea zeharkatu zuen bakarka, Hawaiitik Kaliforniaraino; horrek are gehiago handitu zuen haren ospea. Bere bidaiei buruzko liburu batzuk argitaratu zituen eta artikuluak idazten zituen Estatu Batuetako egunkarietan.