Wikipedia, Entziklopedia askea

Nebulosa

Eduki-taula

Orion nebulosa

Nebulosak espazioan dauden gas eta hautsezko hodei erraldoiak dira; haien masaren % 99 gasa da (% 90 hidrogenoa eta ia beste guztia helioa; proportzio oso txikian, oxigenoa, karbonoa, neoia, nitrogenoa eta beste elementu batzuk) eta gainerakoa, hautsa. Oso garrantzitsuak dira, haietan sortzen direlako izarrak.

Izar bat desagertzen denean, supernoba bat gertatzen da, leherketa ikaragarri handi bat, alegia. Leherketaren ondorioz, izarraren hondakinak oso urrutira proiektatzen dira eta gas eta hautsezko hodei handi bat osatzen dute, nebulosa, alegia. Beren pisuaren eraginez, hondakin horiek elkar erakartzen dute eta jiraka hasten dira, grabitatea sortuz. Azkenik, bola handi bat sortuko dute; bola horretan, gasek oso abiadura handian jira egiten dute eta berotu egiten dira. Halako tenperatura batera iristean, erreakzio nuklear bat sortzen da eta gasezko bola "piztu" egiten da. Hori da izar bat.

Gerta daiteke izarraren inguruan hautsak eta partikula astunagoak geratzea jiraka, nebulosaren hondar bezala; material horiek kondentsatu egin daitezke, bola txikiagoak eta hotzagoak osatuz, izarraren inguruan jiraka. Denborarekin, bola horiek planeta, asteroide, kometa edo satelite bihurtuko dira eta izar-sistema bat osatuko dute.